Apar festa eta zezenak izan dira festetako azken arratsaldean

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 18a, 19:45

Dozenaka umek parte hartu dute Balda plazako apar festak, eta Plazaberrin, berriz, jendetza bildu da zezenen bueltan.

Azken txanpan sartu dira aurtengo andremariak, baina oraindik ere gelditzen dira ordu batzuk herriko jaiez gozatzeko. Halaxe egin dute dozenaka umek gaur arratsaldean, Balda plazako apar festan. Bainujantziak soinean, apar artean jolasean ibili dira ordubete pasatxoz, nahiz eta aparrak bakarrik ez nahi adina freskatu.

Plazaberrin, berriz, zezenen bueltan bildu da jendea; jende asko, gainera. Gehien-gehienak hesiaren atzean egoteko aukera egin dute, baina izan da animaliari aurrez aurre begiratzera ausartu denik ere.

Eta datozen orduetarako, musika emanaldiak barra-barra. Aurki, Joselontxos txaranga aterako da kaleak girotzera, eta 22:00etatik aurrera, Trini Fox eta J Martina taldeak igoko dira txosnaguneko oholtzara. Gauerdia pasatuta, berriz, Perkulights batukadaren txanda izango da, herrian barrena ibiliko da hura, eta 01:00etatik aurrera, DJak izango dira tsonagunean: 3haiZra eta San Telmo, hain zuzen. Hortik aurrera, bakoitzak ahal duena.