Caceresera joan da Inazio Iriarte Margo Lehiaketaren 40. edizioko sari nagusia

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 17a, 22:00

Federico Plasenciak irabazi du lehiaketa; bigarren saria Jose Miguel Arranz erandiotarrarentzat (Bizkaia) izan da, eta hirugarrena herrian geratu da, Azkoitiko bizilaguna den Iñigo Borda azpeitiarrak eskuratu baitu. Sarituek 1.200, 900 eta 450 euroko dirusariak jaso dituzte, hurrenez hurren. 

Azkoitiko Kultura Elkarteak antolatzen duen Inazio Iriarte Margo Lehiaketaren 40. edizioa izan da gaurkoa, eta 23 lagunek parte hartu dute lehian, azkoitiarrak batzuk, Espainiako eta Frantziako hainbat lekutatik etorritakoak besteak. Hain zuzen ere, lehenengo saria Caceresko (Espainia) Federico Plasenciarentzat izan da, aurkeztu duen margolana "modernoa delako, eta dituen enkoadraketagatik eta argi-jokoarengatik". Bigarren saria Jose Miguel Arranz erandiotarrak (Bizkaia) irabazi du, eta hirugarren saria herrian geratu da, Azkoitiko bizilaguna den Iñigo Borda azpeitiarrak eskuratu baitu. Sarituek 1.200, 900 eta 450 euroko dirusariak jaso dituzte, hurrenez hurren.

Jendetza bildu da 19:30ean hasita Portaleburu erakusketa aretoan egin duten sari banaketa ekitaldian. Antolakuntzaren izenean Juan Bautista Mendizabalek adierazi duenez, Inazio Iriarte Margo Lehiaketa lehen mailako lehiaketa bihurtu da lau hamarkadako historian. Parte hartu duten margolariei eskerrak eman dizkie Mendizabalek, parte hartzerik gabe ezinezkoa delako horrelako lehiaketa bat antolatzea. Halaber, esan du, herriaren bilakaeraren isla direla urte guzti hauetan aurkeztutako lanak. Lanak Portaleburu aretoan utzi dituzte ikusgai, eta nahi duenak erosteko aukera ere badu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide