Eizmendi baserriarentzat izan dira Gipuzkoako Blonda Txapelketako sari nagusiak

Julene Frantzesena 2023ko abu. 17a, 15:36

Eizmendi baserriko ordezkariak Ana Azkoitia Azkoitiko alkatearekin. (Azkoitiko Udala)

Orioko, Azpeitiko eta Aretxabaletako 50 behik parte hartu dute lehian, eta hiru sari nagusiak Azpeitiko Eizmendi baserriarentzat izan dira: Behirik Onena, Hazitik Jaiotakoa eta Ikuilurik Onena sariak. Gaur jokatu dute txapelketa Azkoitian, Baserritarren Egunean.

Blonda arrazako behien topaleku bilakatu da gaur goizean Azkoitiko Plaza Berria; izan ere, arraza horretako abelburuen Gipuzkoako Txapelketa izan da han. Orioko, Azpeitiko eta Aretxabaletako 50 behik parte hartu dute lehian, eta bi sari nagusiak Azpeitiko Eizmendi baserriarentzat izan dira. Hain zuzen ere, Behirik Onena, Hazitik Jaiotakoa eta Ikuilurik Onena izeneko hiru sariak baserri horretako ganaduzaleek jaso dituzte, udal ordezkarien eskutik.

Gaurkoa Blonda Txapelketaren XII. edizioa izan da, eta herritar ugari izan dira abelburuak ikusten bai goizean, bai eguerdian. Ikusmina piztu dute abelburuek. Andremari jaietako Baserritarren eguna dela-eta egin dute txapelketa beste urte batez.

Txapelketako parte hartzaileak, sustatzaileak eta erakundeetako ordezkariak. (Azkoitiko Udala)