Giro bikainean hasi dira herritarrak San Roke eguna ospatzen

Julene Frantzesena 2023ko abu. 16a, 14:05

Goizean udal ordezkariak udaletxetik korporazioan joan dira Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara, mezara. Ondoren, udal ordezkariek aurreskua edo agurra eskaini diete herritarrei plazan, baita Sahatsako dantzariek eta hainbat herritarrek ere. Bandak kontzertua eskaini du, halaber, eguerdian.

Andremari jaiak iritsi dira erdibidera, baina oraindik festetako hiru egun potolo geratzen zaizkie herritarrei. Gaur, San Roke eguna ari dira ospatzen Azkoitian, eta goizean goizetik hasi dira ekitaldiak. Hain zuzen, atzoko moduan, udal ordezkariak udaletxetik korporazioan joan dira Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeko musikariek lagunduta, eta 11:00etan meza izan da.

Meza ostean, dantzarako tartea izan da. Izan ere, ohikoa den gisan, udal ordezkariek aurreskua edo agurra eskaini diete herritarrei plazan. Gainera, beste hainbat dantza ere egin dituzte Sahatsa dantza taldeko kideek eta herritarrek. Dantza emanaldiaren ostean, Musika Bandako kideek kontzertua eskaini dute Kontzejupean, herritarren gozamenerako.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)