Imanol Larrañaga: "Aurrez aurre ala 'online' jokatu asko aldatzen ez den kirola da xakea"

Andoni Elduaien 2023ko abu. 6a, 10:00
Imanol Larrañaga xakean, artxiboko irudian.

Iaz finalaurrekoetara iritsi zen, eta Euskal Encounter informatikazaleen topaketan antolatutako xake txapelketa irabazi du aurten Anaitasuna Kakute klubeko azkoitiarrak. Irabaztea beti "polita" dela aitortu du, baina topaketa osoko bizipena da beretzat ederrena.

Euskal Encounterreko xake txapelketa irabazi berri duzu. Gustura al zaude lorpenarekin?

Bai, noski. Edozein dela txapelketa, modalitatea edo maila, irabaztea beti da zaila. Lehiakideak aldatu egiten dira, eta norberak gutxienez egun ona izan behar du txandaz txanda aurrera egiteko. Polita da irabaztea, eta meritu txiki hori lortzeak ematen duen poztasuna ere bai.

Zer-nolako mailarekin egin zenuen topo txapelketan?

64 pertsona lehiatu ginen, eta denetariko jokalariak geunden, maila askotakoak. Txapelketa hasi aurretik neurketen koadro bat osatzen da, eta finalaurrekoetara arte kanporaketa zuzenak izaten dira, partida irabazten duena hurrengo faserako sailkatzen da zuzenean, eta galtzen duena kanporatuta gelditzen da. Beraz, edozein jokaldi txarrek txapelketatik kanpo utz zaitzake, aurkariaren maila balekoa bada.

Euskal Encounterrera 3.000-4.000 pertsona joaten dira, teknologiazaleen topaketa bat da eta askotariko ekintzak antolatzen dira topaketaren barruan. Besteak beste, txapelketa pila bat egiten dira: ordenagailuko jokoena, Trivialarena... eta xake txapelketa ere horien artean dago. Xake txapelketan parte hartu duten 64 lagun horietako gehienak ez dira xakean aritzen urtean zehar; beraz, hasierako txandetan ohikoa izaten da xakean oso-oso gutxi aritutako lehiakideekin topo egitea, eta garbi esanda, nahiko erraz gaindi daitezke txanda horiek. Txandak gainditu ahala, erraz antzematen duzu aurkarien maila esponentzialki igotzen ari dela, eta azken txandetara, bai, xakean aritzen den jendea iristen da; xakeko profesionalik ez duzu aurkituko, baina bai aritzen direnak, xakeari ordu asko eskaintzen dizkiotenak, zaildutakoak. Anaitasuna Kakutek jokatzen dituen lehiaketekin alderatuta, noski, maila baxuagoa du Euskal Encounterreko xake txapelketak.

Iaz ere finalerdietara iritsi zinen. Arantza ateratzea lortu al duzu aurten?

Iaz parte hartu nuen lehen aldiz Euskal Encounterreko txapelketan eta, bai, finalaurrekoetara iritsi nintzen. Laugarren sailkatu nintzen orduan, eta aurten nire helburua zen postu hura gainditzea eta podiumean sartzen saiatzea. Joan den urtean bi anaiak jokatu zuten finala, oso onak ziren; haiek bai zeukatela maila ona. Hori kontuan hartuta, aurten behintzat hirugarren egitea zen nire helburua, baina bi anaia horiek ez dira etorri aurten. Hala ere, iazkoa eta aurtengoa alderatuta, txapelketaren maila nahiko parekoa izan dela esango nuke. Finalaurrekoetan antzeman nuen mailan jauzi handiena, nahiko gogorra izan zen. Bi partidatara jokatzen da finalaurrekoa. Lehendabizikoan, erasoan hartua nuen abantaila galdu eta berdinketarekin bukatu zen partida; bigarren partida, berriz, asko luzatu zen, baina azkenean nire aurkariak akats bat egin zuen, eta hori baliatu nuen nik.

Finalean, lehendabiziko partida ez nuen ondo jokatu eta galdu egin nuen, pieza beltzekin. Bigarrenean, zuriekin, derrigor irabazi beharra neukan finala berdintzeko; joko erasokorra egin nuen eta lortu nuen partida irabaztea. Horrela, beste bi partida nituen aurretik, baina denbora gutxiago mugimenduak egiteko. Hala ere, biak irabazi nituen, eta finaleko lehen partida galdu arren, txapela irabaztea lortu nuen. Momentu polita izan zen, ez dakit zer torneo handi irabazi banu bezala ospatu zuten garaipena lagunek.

Euskal Encounterreko xake txapelketak zer du berezia gainerako txapelketekin alderatuta?

Giroa nabarmenduko nuke, baina gainontzean, beste txapelketak bezala jokatzen da. Bestalde, pandemia etorri zenetik gero eta gehiago jokatzen da xakean online. Izan ere, xakea bada aurrez aurre ala online jokatu asko aldatzen ez den kirol bat, alde horretatik badu abantaila; futbolzalea bazara, esaterako, ez daukate zerikusirik FIFA jokoan ibiltzeak edo benetan futbolean aritzeak. Eta Euskal Encounterrean, nola ez, online jokatzen da xake txapelketa, bakoitzak bere ordenagailutik.

Baina antolatutako ekintzez haratago, bakoitzak bere ordenagailua eramaten du eta nahi duen jokoetan eta abarretan aritzeko aukera dauka Euskal Encounterrean. Politena da lagunekin joaten zarela. Bertan jan, norabaitera joan, kanpinean lo egin... Egun horietan lagunekin konpartitzen diren uneak dira, azkenean, niretzat Euskal Encounter zerbait polita bihurtzen dutenak. Egun osoa elkarrekin egoten gara eta oso esperientzia ona da.

Xakezalea izateaz gain, teknologiazalea ere izango zara...

Bai, banaiz. Hala ere, egia da topaketaren barruan ematen dituzten hitzaldietara-eta ez naizela asko joaten. Uste dut ni baino are zaletuagoak direnek asko disfrutatzen dutela programazioaren alderdi horiekin, gai zehatzetan oso-oso aditua den jendea etortzen direlako hitzaldiak eta erakustaldiak ematera. Teknologiaren munduan murgildu nahi duenarentzat oso esperientzia ona dela uste dut.

Epe motzera begira, zein dira xakeko zure asmoak?

Garrantzitsuena da Anaitasuna Kakute taldearen esperientziaz gozatzea. Familia txiki bat gara, azkenean, nahiz eta azken pare bat urteotan gero eta kide gehiago garen. Taldean aritzea, txapelketetara joatea... Ez daukagu, eta ez dugu bilatzen, hemendik jauzia egin eta munduko txapelketetan-eta lehiatzeko mailarik. Hori ezinezkoa da guztiz guretzat, beste mundu bat da. Guk nahi duguna da pixkanaka maila hobetzea, aurrera jarraitzea eta, taldean eta taldearekin, xakearekin gozatzea. Hori bai, beti saiatzen gara, ahal den neurrian emaitza onak lortzen, noski.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide