"Munoaundiko hirugarren eremuan katak egin ditugu, eta terrazamendua identifikatu dugu"

Nerea Uranga 2023ko abu. 4a, 16:00
Munoaundi aztarnategian indusketan.

Munoaundi Burdin Aroko herri harresituaren indusketa eremua zabaldu dute aurtengo lanekin. Jardunaldirako jarritako helburuak "bete" dituztela azaldu du Antxoka Martinez aztarnategiaren zuzendariak eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak.

Azpeitia eta Azkoitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan aurten ere indusketak egin ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Uztailaren 10etik 29ra bitartean jardun dute aztarnategian lanean, Antxoka Martinez aztarnategiaren zuzendariak eta Aranzadiko kideak gidatuta.

Aurten aztarnategiko lanak normaltasunez egin eta jarritako helburuak bete dituztela nabarmendu du Martinezek. "Aurreko jardunaldietan, COVID-19ak eragindako egoeraren eraginez, murrizketak izan genituen. Aurten, berriz, lantalde handiagoarekin egin ditugu lanak, eta helburuak bete ditugu aztarnategian. Alegia, hirugarren eremuan katak egin ditugu, eta terrazamendua identifikatu dugu", azaldu du Aranzadiko kideak. Lantaldean kanpotik etorritakoak ere jardun dute: "Sevillatik, Extremaduratik... etorritakoak ere aritu dira lantaldean, eta hori deigarria egiten zaie askori, baina ikasle asko etortzen da Munoaundiko indusketara trebatzera".

Munoaundi Burdin Aroko herri harresituaren aztarnategiko hiru eremutan jardun dute lanean aurtengo jardunaldian: harresiaren bigarren ebakiduran, aztarnategiaren sarbidean eta hirugarren eremuan. "Zonalde berria aztertzeko lanak egin ditugu, tontor aldera jo dugu, baina lan horiek azaletik egin ditugu. Pentsatzen genuen bezala Burdin Aroko defentsa sistema da Munoaundikoa, eta denboran zehar egokitzapenak izan zituela egiaztatu izan dugu", esan du Martinezek. Eskuz egindako zenbait zeramikazko pieza ere berreskuratu dituzte, jatorrizko ia forma osoarekin.

Bisitara 70 lagun inguru

Munoaundiko aztarnategian lanean aritzen diren bitartean, bisita gidaturen bat antolatu ohi dute herritarrentzat. Aurten uztailaren 23an egin zuten, 70 lagunek parte hartuz. "Euskaraz eta gazteleraz egin genituen bisitak, eta Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrez gainera, inguruko herrietako jendea ere izan zen bisitan", azaldu du Martinezek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide