Klik!

Herriko kaleak, mihise

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 3a, 09:00

Badira Azkoitiko hainbat txokotan paretak apaintzen dituzten zenbait margolan. Batzuk enkarguz eginak dira; beste batzuk, ekimen bat aditzera eramateko; eta beste zenbait, kalezulo ilunak argitzeko. Hainbat artelanen zergatiak eta horien egileak aztertu daitezke hemen, argazkien bitartez.

Eguneroko bizitzaren islada

Udane Juaristik Aizkibel kalean egindako lana da goiko irudikoa. Floreaga jauregiaren ondoko igogailuaren aurreko etxaurrean dago kokatua Juaristik lehenaldiari, orainaldiari eta egunerokotasunari egindako omenaldia. Azkoitiko herriari egindako keinu bat da, bertako paisaia urbanoan oinarritua.

Emakume baserritarrei omenaldia

Uzin baserriko Kandida Azkarate Askasuaren argazki batetik abiatuz egin zuen Udane Juaristik Berdura Plazan kokatuta dagoen margolan honen konposizioa, bere birramona baitzen. Baserritarrei, eta, batez ere, emakume baserritarrei egin nahi izan zien omenaldia artistak, horien isilpeko lana lehen planora emanez eta emakumea protagonista eginez.

Mikel Laboa

Lizardik eta Rimbaudek Floreaga auzoaren azpialdean egindako lana da irudikoa. 2010ean egin zuten Mikel Laboaren irudia aurkeztuta, Liluraren kontra kantaren estrofa banarekin, eta beste hiru irudi ere margotu zituzten Baztanen (Nafarroa), Donostiako Antigua auzoan eta Lekeition (Bizkaia).

Detaileak

Artista ezezagunaren irudia da horma horretakoa. Herriko hainbat paretatan gisa horretako margolan ugari daude, txantiloiak erabiliz eginak. Halako detailetxoek ematen diote falta zaien argia edozein txoko iluni, eraikin zaharkituri edota kalezulori. Horixe da kaleak arte bilakatzearen magia.

Gazteak ere kaleak margotuz

Azkoitiko Gazte Asanbladak Julio Urkixo etorbidean egindako lana da irudikoa. Gaztik kalik astintzen lelopean margotu zuten pareta koloretsu hori Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek.

Holz Und Blech

Iban Eizagirrek eta Suharri Aranburuk Julio Urkixo etorbidean egindako lana. Musika elektronikoak badu bere txokoa Azkoitian. Urtero ospatzen den Holz Und Blech festibalaren omenez egin zuten Eizagirrek eta Aranburuk artelan hau. Bertan, festibaleko musika jartzaileei keinua eginez, fonografo bat ikus daiteke disko bat erreproduzitzen.

Matadero Ekintzak

Mataderoko kideek bertako paretan egindako lana da irudikoa. 1993an itxi zituzten Azkoitiko eta Azpeitiko gaztetxeak, biak egun berean, dekretu bidez. Horietan elkartzen ziren gazte asko kalean geratu ziren; entseatzeko lokalak baino ez zituzten, eta ez zeukaten biltzeko lekurik. Okupatzeko zenbait saiakeraren ondoren, 1996an Matadeiko lokal handia berreskuratzea erabaki zuten. Kanpoaldean hainbat artelan egin dituzte urteetan zehar.

Gasolindegian, historia

Gorka Larrañaga Iranixek Ibaiondo kaleko gasolindegian egindako lana da argazkikoa. Duela ia mende bat Plazaberrin egon zen gasolindegiaren eta egun Ibaiondo kalean dagoen gasolindegiaren historiari buruzko margolanak egin zituen hormetan Iranixek. Gasolindegiaren planoak ere marraztu ditu, baita Azkoitiaren iraganeko beste hainbat irudi ere.

Artea aldarri

Ekida arte ekimen sozialistak Juin industrialdean egindako lana da honako hau. 2023ko urtarrilaren 28ko grebaren harira egin zuen Ekidak murala, Gazte langileok borrokara lelopean, industrialdeko zubiaren azpian.

Herriaren ahotsa

Gorka Larrañaga Iranixek Altzibargo biribilgunean egindako lana da honako hau. Azkoitiko herriari omenaldia egiten dion artelanak, Iranixek adierazi zuenez: "Ez zentzu erromantikoan, baizik eta taupadak egiten diharduen gihar geldiezin baten zentzuan". Kontzejupea, San Martingo erlojua, Intsausti jauregia eta abarketagile bat agertzen dira, besteak beste, giza bihotz forma duen muralean.

Bonba eta Kiriko

Mataderoaren kanpoaldean egindako lana da bikote xelebrea osatzen zuten Bonba eta Kiriko txatarra biltzaileena. Matadeiko goiko solairuan bizi ziren biak, eta txatarra artean egiten zuten lo. "Libre" bizi zirela zioten Mataderoko kideek: "Txatarra jaso, hura herrian saldu, diru pila bat atera eta mozkortu egiten ziren". Kiriko hil zenean, Bonba egoitzara eraman zuten, "errukituta". Egoitzako ordutegiak eta jendearen kontrola kartzela omen ziren harentzat, Matadeixen guztiz aske bizi baitziren.

Txerloia, urdinez eta gorriz

Gorka Larrañaga Iranixek Txerloia futbol zelaian egindako lana da irudian ageri dena. Txerloia futbol zelaiaren sarrera nagusian gorri eta urdin koloreko murala osatu zuen artista azkoitiarrak. Anaitasuna futbol taldearen egungo armarria margotu zuen, baita gizon-emakume futbolariak ere. Futbol taldearen kolore ofizialak erabilita, gainera, bandera erraldoi bat irudikatu zuen azkoitiarrak.

Erreportzaketan

Udane Juaristik Altzibargo biribilgunean egindako lana da hormakoa. Abarketak josten zituzten emakumeei eginiko omenaldia da Juaristiren artelana, Azkoitiko historiaren zati handi bat gogoratzeko asmoz egina. Erreportzaketa hitzez ezagutzen zen joste lan hori Azkoitian, eta herritar askoren ogibidea zen garai batean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide