Landakanda okindegiak ateak itxi ditu

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 20a, 10:18

Jesus eta Antton Zubizarreta, Landakandan. (Argazkiak: Andoni Elduaien)

Ehun urtetik gorako ibilbidean, hiru belaunalditako hainbat senidek jardun dute familiako negozioan lanean, baina ixteko ordua iritsi dela erabaki dute Jesus eta Antton Zubizarreta anaiek. Jesusek erretiroa hartu du orain, eta Anttonek pizzerian jarraituko du lanean, jubilatzeko garaia iristen zaion bitartean. Abuztuko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Ehun urte baino gehiago dira Landakanda baserriko errota martxan jarri zutela, eta harrezkero, azkoitiarrek egunero-egunero izan dute han egindako ogia mahaian izateko aukera. Familiako negozioan, hiru belaunalditako hainbat senide jardun dira lanean buru-belarri; azkenak, Antton (Azkoitia, 1962) eta Jesus Zubizarreta (Azkoitia, 1958) anaiak. Jesusi, baina, erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio, eta horregatik, okindegiko ateak behin betiko ixtea erabaki dute. Erabaki erraza ez dela izan aitortu du Anttonek, "baina ordua ailegatu" zaie: "Hiru belaunaldi jardun izan gara hemen lanean, eta iruditzen zaigu nahikoa egin dugula".

Anttonen eta Jesusen aitona izan zen Landakandako errota eraiki eta martxan jarri zuena. Data zehatzik ez du buruan Anttonek, baina bai ehun urte baino gehiago izango direla: "1917tik 1920ra bitartean izango zen". Semeetako batek hartu zion lekukoa hari, Anttonen eta Jesusen aita zenak, hain zuzen. "Aitak Xauenen (Maroko) egin zuen soldadutza hiru urtez, eta handik bueltan, errotaren ardura hartu eta okin hasi zen lanean", ekarri du gogora Anttonek. Oraindik ere lurrean nabariak dira garai hartan ogia erretzeko erabiltzen zuten labearen arrastoak, eta Anttonek ederki oroitzen du baserriko atarian zer-nolako egur piloa egoten zen beti, lehortzen, gero laberako erabiltzeko.

Anttonek eta Jesusek beste sei anai-arreba izan dituzte, zortzi izan dira guztira, eta umetan den-denek lagundu behar izaten zuten etxeko negozioan. Gerora, berriz, bi kenduta beste guztiak okindegian jardun izan dira lanean. "Erretiroa hartu ahala, hurrengoaren ardurapean gelditzen zen negozioa, eta ni izan naiz azkena, anai-arrebetan gazteena naizelako", azaldu du Anttonek. "Azken urteetan, Jesus izan da okina, eta ni beste gauza guztiak: banatzailea, gozogilea, opilgilea...". Garai batean, ogia bakarrik egiten zuten Landakandan; "tira, ogia eta esneopilak", zehaztu du Anttonek. "Esneopilak betidanik egin izan ditugu, eta garai batean, institutu garaian eta, Landakandako esneopilak famatuak ziren, baita Azpeitian ere. A zer ilarak sortzen ziren!".

Garai hartan Zabale baserriko esnearekin egiten zituzten opil horiek, eta "zapore berezia" izaten zutela dio, "beste zera bat", gaur egungoen aldean. "Gaur egungo opilek, gurina, esne hautsa eta beste hainbat osagai izaten dituzte, gauza naturalak, baina aldea antzeman egiten da; lehengoek, esnea, azukrea, irina eta arrautzak besterik ez zituzten izaten".

Sutea eta azpiegituren berritzea

Duela 42 bat urte, ia erabat erre zen Landakanda baserria. Anttonek 19 bat urte izango zituen orduan, eta Gasteizen unibertsitateko ikasketak egiten ari zen. "Egurrezkoa zen baserria, obradorea zegoen partea izan ezik. Parte hori hormigoiz indartuta zegoen, eta huraxe izan zen salbatu zen bakarra. Eskerrak horri, lau egun besterik ez ginen egon ogirik egin gabe. Gogoan dut herriko jendea nola etorri zen laguntzera, eta nola jardun ginen lokal batera makinaria eramaten. Makina gehienak onik ateratzea lortu genuen, eta obradorea toldoz estalita, lau egunerako berriz lanean hasteko moduan izan ginen". Gero, pixkanaka-pixkanaka joan ziren eraikina berritzen, eta okindegia ere berritu zein modernizatu egin zuten: labe berriak jarri zituzten, makina berriak... "Orduan hasi ginen ogiaz gain croissantak, madalenak eta beste hainbat eratako opilak egiten, ogiarekin bakarrik bizimodua ateratzea geroz eta zailagoa baitzen".

Handik urte batzuetara, duela 32 bat urte, denda bat zabaldu zuten, Julio Urkixo kalean, batzokiaren parean. "Herrian era horretako okindegi-kafetegi bat irekitzen lehenengoetarikoak izan ginen, eta han, ogiaz eta hainbat eratako opilez gain, geuk egindako pastak eta abar eskaintzen ere hasi ginen".

"Ordua ailegatu da; hiru belaunaldiz jardun gara hemen lanean, eta nahikoa egin dugu"

Kalean saltokia jarri arren, batzuek Landakandara bertara ogi bila joateko betiko ohiturari eutsi egin zioten, eta horrez gain, etxez etxeko banaketa ere beti egin izan dute. "Aita zena eta anaia zaharrena bizikletarekin eta karroarekin ibiltzen ziren ogia banatzen, otarreak hartu eta etxez etxe. Baserritarrak, berriz, normalean etorri egiten ziren ogi bila. Gerora, banaketa autoz egiten hasi ginenean, baserrietara ere geu hasi ginen ogia eramaten".

Txarra ez, baina gogorra

Okindegia ixteak sentimendu kontrajarriak sentiarazi dizkiela aitortu du Anttonek; tristura eta pena bai, baina lasaitasuna ere bai. "Anaiak berez urtarrilean bete zituen 65 urte, baina hizketan egon ginen, eta erabaki genuen uda arte lanean segitzea, bezeroak zintzilik ez lagatzeagatik. Hilabete hauetan itxiera onartzeko astia izan dut, eta noski, tristura eta pena ere sentitu ditut, sekulakoak. Ordea, beste alde batetik lasaitasuna ere bai, lana bera gogorra baita; ez da lan txarra, baina bai gogorra, ogia egunero-egunero egin behar izaten da eta". Okindegian jardutearen gogorrena, egutegia eta ordutegia izan direla esan du hark. "Anaia 00:00etan hasten zen oreak egiten, eta 08:30-09:00 aldera bukatzen zituen lanak. Ni, berriz, 04:00etan hasten nintzen, eta bukatzerako 13:00-13:30 ingurua izaten zen. Lehen, arratsaldeko ogia ere egiten genuen, baina pandemia garaian utzi egin genion lan horri. Gerora erabaki genuen ezetz, berriz ez ginela bueltatuko arratsaldeko ogia egitera; ogia ona bada, goizean erositakoa gauean ere ona egoten baita".

Jesusek 51 urtez gauez egin du lan, eta erraz esaten den arren, "gogorra" da hori. "Nik askatasun gehixeago izan dut, lanak bukatu ostean siesta egin eta arratsaldeak aprobetxatzeko aukera izan dudalako, baina anaiak ez du bizimodu 'normal' bat egiteko aukerarik izan, gau guztia lanean jardunda, beti beste guztien kontrara ibili baita. Gainera, nahiago orain itxi, geuk erabakita eta osasunez ondo gauden bitartean, halabeharrak bultzatuta baino".

Anttonek kontatu duenez, garai batean, "duela 40 urte eta", igandeak libratzeko aukera izaten zuten, igandeetan ogirik ez baitzen egiten. "Zapatuetan bikoitza egiten genuen eta baserriko ogi pila, eta herritarrak horrela moldatzen ziren". Gerora, igandeetan okindegiak txandaka lan egiten hasi ziren. "Okindegi bakoitzari hilean behin-edo egokitzen zitzaigun txanda, eta egun horretan herri guztirako ogia egin behar izaten genuen. Kontzejupean jartzen ginen ogia saltzen, eta meza bukatu osteko unea zoramena izaten zen, orduan, orain ez bezala, jendea elizara joan egiten baitzen". Gogoan du lau lagun aritzen zirela Kontzejupean ogia saltzen, eta anaiak autoarekin ogia ekarri eta ekarri, eta hala ere, ezin iritsi. "Orduan bai saltzen zela ogia, ikusgarria izaten zen hura, espektakulu bat, beste mundu bat".

"Familiako negozioa ixteak pena ematen dit, baina beste alde batetik lasaitasuna ere bai"

Handik urte batzuetara, Floreagako bezero batek, "bezero on batek", igandeetan denda zabaltzen hasteko asmoa zuela jakinarazi zien landakandatarrei, eta igandeetan ere ogia egiteko eskatu, bestela Azpeitiko okin batengana joko zuela eta. "Horrela hasi ginen igandeetan ere lan egiten, gure atzetik beste batzuk hasi ziren, eta azkenean, denok eta igandero. Azken hemezortzi urteotan, okindegian aritu garen lau anai-arrebok egunero-egunero lan egin dugu, jaiegun bakar bat izan gabe. Aukera izan bagenu langile bat kontratatzeko eta geuk atseden pixka bat hartzeko, egingo genukeen, baina bai zera. Okindegia negozio errentagarria izan da, baina justukoa, batere harrokeriarik gabekoa". Izan ere, urteekin ogiaren kontsumoa jaitsi egin dela ziurtatu du hark. "Jendeak geroz eta ogi gutxiago jaten du, eta saltoki handietan ogia saltzen hastea izan zen ia azken sastakada. Esan bai Landakandako ogia ona egoten dela, baina gero, ogia erostera, supermerkatura. Igandeetan, haiek itxita daudenean, orduan etortzen dira okindegira, eta gainera, kexatu, ogi zuria nahi dutela eta hau eta bestea; horrelakoxeak gara". Azken urteotan langile bat hartu izan dute noizean behin, okindegian aritu diren anai-arrebetako bakoitzak urtean hamabost eguneko oporrak izan zitzan bermatzeko, baina kito; eta lehen ezta hori ere. "Gainera, esan beharra dago okindegirako langilea topatzea ez dela batere erraza; harategian eta ostalaritzan inork ez du lan egin nahi, ezta okindegian ere".

Okindegia itxita, duela hemezortzi urte herrian zabaldu zuen pizzerian jarraituko du lanean Anttonek. "Izango dut zer egina, baina azken urteotan baino lasaiago ibiliko naiz, eta eskertuko dut hori. Izan ere, bizitza guztian banaketan ibili naiz, banaketan eta beste hainbat gauzatan, baina azken urteetan zeregin asko pilatu zaizkit. Anai-arrebetako bat jubilatzen zela, nik hartzen nituen haren lanak; beste bat erretiratzen zela, harenak ere bai... Orain, nire asmoa pizzerian zentratzea da, bizitza lasaiago hartzea, eta urte batzuk barru erretiroa hartzea". Orain arteko ofizioa ez du erabat baztertuko hala ere. "Gozoak eta postreak egiten jarraitzeko asmoa badaukat, baina pizzeriarako".

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide