Urpetik atera zen herria

Andoni Elduaien 2023ko abu. 26a, 10:00
Uholdea, eliz atariaren parean igarotzen. (Argazkiak: Arroitajauregi Argazki Fondoa - Udal Artxiboa)

40 urte bete dira gaur, 1983ko abuztuaren 26an urak Azkoitia ia bere osotasunean bere menpe hartu zuenetik. Naturak bere indarrak erakutsi zuen egun hartan herrian. Euria goi eta behe egin zuen zenbait orduz, eta denborale hartan pilatu zen urak ezbeharrak eragin zituen. Herritar askok eta askok pairatu behar izan zituen ondorioak, eta Maxixatzenek egun hura gogoan duten zenbait herritarren bizipenak jaso ditu. Abuztuko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau.

Urak beti bere bidea egin ohi duela esan izan da, baina olde handietan gaizto eta etsai bihurtzera ere irits daiteke herrietako biztanleentzat. Mundu zabalean ia egunero izaten dira uholdeak, baina Azkoitia arrisku horretatik urrun dagoela dirudi egun. Hamarkada batzuk atzera eginda, ordea, oker dezenteak egindakoa da ura herrian, eta behin baino gehiagotan, gainera. Hilabete honetan bertan, esaterako, 40 urte beteko dira urak herria bere menpean hartu zuenetik: 1983. urteko abuztuaren 26an izan zen.

Abuztuaren 25etik 26rako gauean eguraldiaren egoera makurtzen hasi zen. Ekaitz gogorrak eragin ohi dituen kumuloninbo hodei masa handi batek ekialdetik mendebaldera egin zuen bidea Ipar Euskal Herrian, eta abuztuaren 26ko goizaldean iritsi zen Gipuzkoara. Hodei masak zuen guztia eta gehiago hustu zuen lurraldean, baita Azkoitian ere. Goiz hartako euriteek eragina izan zuten herrian, bereziki Goikokalen. Ekaitza urrundu egin zen, baina arratsaldean berriro itzuli zen, kalte latzagoak eraginez. Garaiko adituen arabera, herrian metro koadroko 234 litro euri egin zuen abuztuaren 25etik 27ra bitartean, eta horrek ibaiek nahiz errekek gainezka egitea eragin zuen.

Uholdea autoak estaltzeraino iritsi zen Jausoro aldean.

Azkoitia erabat urperatuta gelditu zen orduan, eta kalteak izugarriak izan ziren; izan ere, garai hartan ohikoa zen artean etxeen behaldeetan bizitzea, eta nola ez, asko eta asko ziren gaur bezala saltokiak nahiz lantegiak etxebean zituzten herritarrak. Dendak, tabernak, etxeak, biltegiak... zer ez ziren orduko hartan kaltetu. Hondamendi hartatik lau hamarkada igaro badira ere, kalteak pairatu zituzten azkoitiarrek ondo gogoan dute egun hartan bizitakoa. Bitturi denda kudeatzen zuen sendiak, esaterako, oso gertutik bizi behar izan zuen uholdea. Bitturi Goikokaleko janari denda bat izan zen, Goikokaletik Jausoro auzunera doan zubiaren ondokoa. Urak inguru hartan hartu zuen aurrenekoz ibaitik kalerako bidea Azkoitian; izan ere, Katuin errekak, Baztarrikaldea zeharkatzen duenak, Jausoroko zubiaren parean egin ohi du bat Urola ibaiarekin. Orduan, egun baino zakarrago egin ohi zuten bat urek puntu hartan, Katuin errekako urek zuzenki jotzen baitzuten Urola ibaiko uren aurka, hala ibaiaren igoera eraginez.

Adituen arabera, metro koadroko 234 litro euri egin zuen abuztuaren 25etik 27ra bitartean Azkoitian

"Ibaiak gora eta gora" etenik gabe egiten zuela oroitzen du duela 40 urteko uholdeen eguna Bitturi dendako sendiak. Maria Jesus Arenas (Azkoitia, 1945) eta Milagros Badiola (Azkoitia, 1945) koinatak dira, eta haiek kalearen goialdean ura errepidera irteten ikusi zuten aurrena. Ordea, ura etxeko atea jo gabe hasi zen barrura sartzen handik gutxira, gaizto. "Erratzekin-eta hasi ginen urari etxera sartzea eragozten, baina une batetik aurrera, alferrik zen han erratzekin aritzea, erreka txiki bat hasi baitzen etxera sartzen. Ez ginen gauzak salbu jartzearekin asko akordatu, baina oroitzen dut agiri eta paper batzuk jaso genituela goiko solairura", adierazi du Badiolak. Ura, "gutxi gorabehera metrotik gora" iritsi zen haienean.

Herritarrak uholdeari begira, herriko plazan.

Etxebe batean zuen Arenas-Usabiaga sendiak janari-denda, eta harekin batera sukaldea, egongela eta komuna; egongelatik komunerako bidean, berriz, armairu handi bat zuten. Bestalde, goiko solairuan zituzten gainerako gelak. Urak etxearen beheko solairua bere egin zuen azkenean, eta han zeuden familiako kideek solairu hura utzi eta goiko aldera erretiratu behar izan zuten. "Terrazara igo behar izan genuen, eta han egon ginen euria atertu eta ura etxera ez zela sartzen baieztatu nahiz bere bidera itzuli zela ikusi arte", adierazi du Badiolak.

Egoera hobetzen ari zela ikusita, laster ailegatu zen gainerako senideen laguntza, eta guztien artean "berehala" txukundu zuten urak hartutakoa. "Oilaskoak erosi, labean sartu genituen, eta erabaki genuen emakumeek nahiz haurrek jango genuela aurrena", dio Arenasek. Dena den, koinatek diote egun hartan presaren bat ireki zutenaren zurrumurrua zabaldu zela herrian. "Une batetik bestera, bat-batean, ikaragarrizko ur oldea etorri zen ibaian goitik behera; metro eta erdiko altuera hartu zuen urak gure etxebean. Aurreneko aldian baino dezentez ur gehiago sartu zen bigarrenean. Haurrek eta emakumeok jan genuen, baina gizonezkoek ez, eta egoera hura ikusita, berriro ere goiko solairura erretiratu ginen".

Galerak handiak izan ziren haienean, eta hozkailuak, labeak nahiz bestelako beste zenbait etxeko traste kendu behar izan zituzten, urak hondatuta. "Gauza batzuk etxean utzi genituen hasieran, baina denbora batera guztiak kendu; izan ere, uraren hezetasunak nahiz ur zikin hark eraginda, gerora ere hautsa sortzen zen etxean", diote koinatek.

Plazaberria urak guztiz hartuta.

Arenasen iloba eta Badiolaren alaba Mari Karmen Arenas (Azkoitia, 1971) neska koskorra zen orduan, eta hark uholdea jazo aurretik etxeko leihotik ibaira begiratuta ikusten zuena du gogoan. "Etxeko leihotik begiratuta, zirrara berezia sortzen zen ibaiak gora egiten zuenean, ura leihotik zentimetro gutxira edota metro erdira gelditzen baitzen askotan. Neguan, bereziki, askotan gertatzen zen hori". Halaber, katuaren pasadizoa du gogoan. "Katuaren bila ibili nintzen, eta halako batean igerian agertu zitzaigun".

Errebalean, Santa Klara 20 zenbakian, zuten, bestalde, Mari Karmen Diaz de Cerioren (Azkoitia, 1965) etxekoek Asa janari-denda 1983ko uholdeak jazo zirenean. Haren izeba Kontxita Epeldek kudeatzen zuen denda urte hartan. Diaz de Ceriok dio "sekulako kalteak" eragin zizkiela uholde hark bai dendan, bai biltegian. "Aldameneko batek deitu zigun guri. Haiek ohartu ziren kalean ura zegoela, eta beharbada, dendara ere sartua izango zela esan zigun. Gaua zen mugitu ginenerako, eta ordurako ura sartzen ari zela jabetu ginen. Hurrengo egunean, berriz, zer esanik ez. Denda urez goraino bete zitzaigun, eta kalteak ere izan genituen".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri ia gehienak izendatu zituzten hondamendi egoerako eremu

Dendako makinak-eta izorratu ziren Asa dendan, baina Diaz de Ceriok gogoratzen du jeneroa kaltetu zitzaiela bereziki. Gainera, kalean gora joanda, produktuak gordetzeko biltegi bat zuten, eta dendan bakarrik ez, han ere izan zituzten galerak. "Olioak-eta gordetzen genituen han, baita dendan saltzeko jeneroa ere. Kristalezko ontzia zuten produktuak-eta ez, baina gainerako ia guztia galdu genuen. Ura sartu zitzaien barrura, nola ez, eta galdutako jenero kopurua zenbatzen aritu ginen. Galera ekonomikoak izan genituen".

Herriko biltegi bateko jeneroa urak kaltetuta.

Dendaren goiko solairuan zuten etxebizitza haiek; halere, "beldurra" berdin-berdin pasatu zuten. "Goizean, une bat, nahikoa gogorra izan zen, dendara ere ezin ginen sartu eta. Urak behera egin zuenean, bai, lortu genuen sartzea. Baina egundoko lokatzarekin egin genuen topo". Halaber, ingurukoek eta auzotarrek "asko" lagundu zietela oroitzen da Diaz de Cerio. "Garbitzen eta gauzak bere tokian jartzen lagundu ziguten inguruko herritarrek; auzolanean aritu ginen, eta laguntasun handia eman zigun jendeak". Bide batez, oroitzen da bere osaba batek Vespino moto bat zuela, eta hura ere hondatu egin zela. "Moto zahar-zaharra zen, baina pena eman zigun, osabak kutuna zuen eta".

Eginbeharrak, guztiek

Egun hartan nahiz ondorengoetan, azkoitiar guzti-guztiek egin behar izan zuten lan era batera edo bestera. Roman Sudupe (Azkoitia, 1947) alkatetzaren bigarren agintaldiko lehen hilabeteak ari zen bizitzen 1983an. Suduperen esanetan, "gertakaririk gogorrenetarikoa" izan zen uholdeena, "sekulakoa". Ordea, urak herriko kaleak hartu zituen egunaren bezperan familiarekin oporretara abiatu zen Sudupe. "Andremariak igaro berri, atseden hartzera joan ginen familiakoak Corellara (Nafarroa). Hara iritsi orduko, gaixotu egin zen semea; 40 graduko sukarra eta hark eragindako eldarnioak zituen. Hurrengo goizean, Iruñeko ospitalera eraman behar izan nuen hura. Bururatu zitzaidan Azkoitira abiatzea ere, baina semearen egoera zen bezalakoa zen, eta han gelditzea erabaki nuen. Gainera, eskerrak ez nintzen herrira abiatu, ez nintzatekeen-eta ailegatuko".

Ibaiondo kaleko irudia, gasolindegiaren parean.

Ibaiak handi etortzen segitu zuen gerora ere, baina, gutxienez, herriko kaleek ibai izateari utzi zioten. "Ni herrira itzuli nintzenerako ez zegoen urik kalean", azaldu du Sudupek. Egoera baretu orduko hasi zituen udalak herria lehengoratzeko lanak. "Hiru ardatzeko plangintzan" oinarritu zen udala herria uholdearen aurreko egoerara itzul zedin: "Argindarrik ez zegoen toki askotan, eta markatu genuen lehentasunetako bat izan zen hura birgaitzea. Bestetik, hainbat sototan eta gunetan pilatutako ura ateratzen aritu ginen; ura ponpatzeko makinak eta tutu pila bat erosi zituen horretarako udalak". Horiekin batera, instalazio guztiak martxan jarri behar izan zituen erakundeak.

Balda plaza eta Ibaiondo arteko zubia, urak ezkutatuta.

Uholdeak igaro eta bigarren egunerako utzi zuten, bestalde, kalean bildutako zikinkeria guztia jasotzeko lana. "Kalean lokatza mordo bat pilatu zen", dio orduko alkateak. Hain justu, boluntarioen eta Udaltzaingoaren artean lehengoratu zituzten kaleak. Juanjo Heras (La Aldehuela, Avila, Espainia, 1948) Udaltzaingoaren kaboa zen sasoi hartan. Txulota baserrian bizi zen hura orduan, eta gogoan du ez zuela lortu kalera autoz iristea; errepidean pilatutako lurrak eragotzi zion ibilgailuan egin beharreko bidaia. "Oinez abiatu behar izan nuen, eta halako batean iritsi nintzen".

Kalera ailegatu orduko piztu zitzaion "samina" Herasi. "Ur gehiena joana zen, baina inguru guztiak zerri eginda aurkitu nituen. Ikaragarria izan zen hura guztia ikustea, pena itzela ematen zuen". Udaltzainaren arabera, egoera hark ez zuen "lanak koordinatzeko betarik ere" utzi. Halere, gogoan du udaltzain guztiak elkartu zirela lanerako. Guztia onera ekartzeko aitzurrekin nahiz palekin aritu ziren lanean, baita etxeetatik nahiz saltokietatik herritarrei altzariak ateratzen laguntzen ere. "Alkateak esan zigun herritarren esanetara jarri behar genuela, eta halaxe egin genuen. Kaleak eta guneak garbitzen, bazter guztietan laguntzen... Saltokiak-eta zaintzen ere aritu ginen, inor lapurretara sar ez zedin. Zerbitzuan geundenak eta zerbitzuz kanpo zeudenak, azkenean guztiok igaro behar izan genituen orduak lanean". Hain justu, gertakari txar hari alderdi positiborik ere atera nahi izan dio Herasek. "Mundu guztia elkarri laguntzen aritu zen; oroitzapen hori dut gordeta. Asko dut eskertzeko, azkoitiar guztiek jokabide ona erakutsi zuten eta".

Boluntarioak kaleko hondakinak jasotzen, Plazaberrin.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri gehienak hondamendi egoerako zonalde izendatu zituzten, tartean Azkoitia. Gertakari haiek igaro eta bost urtera, 1988an, jazo ziren hamarkada hartako bigarren uholdeak Azkoitian, baina herrian ez zuten 1983koek bezainbesteko eraginik izan. Herriko orain arteko historiako azken uholdeak izan zirek haiek, gerora ibaia birmoldatzeko lanak egin zituzten-eta herrian. Hain justu, 1983ko uholde haien ondoren egin zuten Katuin erreka Urola ibaira desbideratzeko lanen azterketa, eta gerora gauzatu. Harrezkero, urak normaltasunez egin izan du bere bidea.

70 urte, 1953ko uholdeetatik

1953ko urriaren 14an jazotako uholdeak ondorio tamalgarriak izan zituen herrian. Urriaren 14an, litro asko pilatu ziren metro koadroko Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Hori horrela, Urola ibaiak gainezka egin zuen oso modu larrian, eta hondamendiak galera handiak eragin zituen, materialez gain hildakoak ere eragin baitzituen. Zestoa parean, esaterako, lau azkoitiar hil ziren, Urola ibaiaren ur korronte batek autobus eta kotxe bana aurretik eramanda.

Ezbeharra izan zuen autobusa 28 bidaiarirekin abiatu zen arratsaldean Donostiako Gipuzkoa plazatik. Zestoako Iraeta auzotik atera eta Osinbeltzeko harrobiaren amaierara heltzean izan zituzten lehen arazoak; izan ere, autobusa ez aurrera ez atzera geratu zen urak geratutako auto bati laguntzen ari zirela. Autobusaren motorra ere urez bete zen gero, eta urak metro eta erdiko altuera ere hartu zuen ibilgailuaren bueltan. Autobusetik irtetea lortu zuten batzuek, baina barruan ateratzera ausartu ez ziren hamasei pertsona geratu ziren. Ez aurrera eta ez atzera zegoen autobusa handik ateratzen saiatu baziren ere, gauerdia igaro eta laster urak desagerrarazi zuen ibilgailua, barruan hamasei lagunak zituela. Autobusarekin batera, senar-emazte azkoitiar batzuk harrapatuta egon ziren auto bat ere eraman zuen urak.​​​​​​​ Urriaren 16ko arratsaldean kalera atera zen Azkoitiko herria, Zestoatik ekarritako biktimei azken agurra emateko.

(Argazkiak: Arroitajauregi Argazki Fondoa - Azkoitiko Udal Artxiboa)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide