Korapiloa

Despistatuta

Ihintza Elustondo 2023ko abu. 28a, 14:29

Ihintza Elustondo kazetariak Maxixatzen aldizkariaren abuztuko zenbakirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Despistatuta.

Derrigor egin beharrekoak amaitu dituzu, zeure buruari benetan nahi duzuna egiteko baimena eman diozu.

Gehiegi pentsatu gabe, galtza motzak jantzi eta buelta bat ematera irten zara.

Zergatik esaten ote dugu "buelta", joan eta ez itzultzeko abiatu bazara.

Poliki zoaz, ez alferrikako traste, ez telefono, ez laneko, ez kaleko.

Ez GPS, bidean galtzeko beldurrik ez da batere.

Denbora batez ez duzu jenderik ikusi, ez txakurrik; bizirik ez.

Hegaztiren bat, zeru gainean, zure buru gainean.

Lore gorri bat ageri da lehortearen erdian, errepide bazterrean, hain gorri, hain eder.

Miraria ezerezean.

Zeure baitan galdezka ari zara, amapola bat horixe ote den.

Eta ez bada ere, ez da ezer gertatzen.

Herririk ere ez da ikusten deus, eta hurrengo biziduna non, zer lekutan, kokatuko den pentsatu duzu, basamortu horretan zarela.

Bat-batean, Done Jakue bidea egiten ari dela dirudien izaki bat gurutzatu duzu, txankletak jantzita.

Ez zara haren lookari azalpenik bilatzen saiatu, eta agur esan diozu, norbait ikusi izanak sortu dizun poz txikia ezpainetan.

Beste pauso batzuk ematean, soroan lanean ari diren bizpahiru gizon ikusi dituzu gertu samarrean, fruta saltzen ari diren etxola bat urrunean.

Bizia leku guztietan izaten da, baita ezlekurik lehorrenean ere.

Bidegurutze batera iritsi zara, eta hantxe bizitzaren proposamena: ezkerra ala eskuina, nora luzatu zangoa, gogoa. 

Ezkerra aukeratu duzu. 

Horri ere ez diozu azalpenik bilatu.

Eta jarraitu duzu, pauso bat aurrena, bestea hurrena, suabe-suabe, bide guztiek nonbaitera eramaten gaituztela pentsatuta.

Oinatzek balio ote dute oinazeak estaltzeko?

Orduantxe, eguzki izpi batek jo zaitu erdiz erdi, aurpegian.

Laino artetik zure bila irten balitz bezala.

Eta bero-epeletan, urakanaren arrastorik ez da.

Horixe ote barealdia?

Noraezean ibilita ere, galduta ez sentitzea.

Horixe ote barealdia? Noraezean ibilita ere, galduta ez sentitzea

Itxurari, ondokoaren gorputzari, bestearen bikiniari, trikiniari, ipurdiari, begira dabil mundua.

Baina despistatuta gabiltza.

Barruak bere lekua topatu duenean, kanpoan labirintorik ez da.