Momentu txiki horiek

Ana Azkoitia alkatea 2023ko abu. 13a, 16:23

Ana Azkoitia alkatea.

Maxixatzenek andremarietarako kaleratu duen egunkarirako Ana Azkoitia alkateak idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Momentu txiki horiek.

Gehigarri hau eskuetan hartzen duzuenerako, festetako zapi urdinak kaxoietatik aterata izango dituzue seguruenik. Ez dakit urteko egunik onenetarikoen atarian gauden, baina ukaezina da gure andramaixek ilusioa, festa gosea eta dibertitzeko irrika dakarzkigutela. Oinak dantzatzeko ditugula gogorarazten digute herriko jaiek.

Alkate gisa, nire lehenengo andramaixek dira hauek, eta nahiko nuke festa hauek eta datozenak herria eta herritarrak batzeko abagune izatea. Guztion artean jai herrikoiak, inklusiboak, benetakoak eta berdinzaleak izatea lortu behar dugu, guztiontzat errespetua eta askatasuna eskatuz eta bermatuz. Bestela, festak egun beltzak bihurtzen dira, eta inork ez du guztion festak zapuzteko eskubiderik.

Guk egun alaiak nahi ditugu. Urteak pasatu eta gogoratzen diren horietakoak. Izan ere, herriko jaiak, ezeren gainetik, momentuak dira. Lagun minarekin trukatutako hitzak, familiarekin egindako bazkaria, buruhandiren batek emandako maskurikada, frontoiko 22. tantoa… Momentu txikiak bizitzen dakienak lezio galanta du ikasia. Zer da ba bizitza momentu txikiz osaturiko soka luzea –edo ez hain luzea– izan ezean?

Momentu horien aurrean, andramaixetan, dibertsiorako ateak zabaltzen zaizkigu, urteko beste egunetan dantzarako tarterik izango ez bagenu bezala. Hala ere, festetan askotxo dira besteen gozamenerako lana egitea tokatzen zaienak, eta gutxien-gutxienez eskertzea merezi dute horiek. Txistulariak, Musika Bandako kideak, buruhandiak eta erraldoiak, ikuskizunak eskaintzen dituztenak, tabernariak eta txosnetan aritzen direnak, udaltzainak, larrialdietako zerbitzuetako taldeak eta abar. Lanik gabe, ez dago festarik.

Ondo pasau andramaixek! leloa geure egin behar dugu, gugatik eta ondokoengatik. Gozatu festez, gozatu momentu txikiez, horiei esker da-eta bizitza, bere gorabehera eta itzal guztiekin, hain polita; festetan are politagoa. A, eta jantzi balkoiak gorriz etxean dituzuen Azkoitiko banderekin!