Bizitza bat festen bitartez

Angel Mari Arenas 2023ko abu. 14a, 08:46

Maxixatzenek andremariak direla-eta kaleratu duen egunkarirako Angel Mari Arenasek idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Bizitza bat festen bitartez.

Andremari jaien lehendabiziko oroitzapenak txikitakoak ditut, 50. hamarkadakoak, hain zuzen ere. Urte haietan ez zen txupinazorik izaten; festen hasiera pregoilariarekin egiten zen, zaldiz, danborrez eta tronpetez lagunduta. Jarraian kalejira egiten zuten herrian barrena, eta nire aita zenak eta Kandido Beristan zenak parte hartzen zuten kalejira hartan musikari gisa.

Elizak eta elizkizunek beti izan dute indarra andremarietan, eta bitxikeria bat baino gehiago utzi izan dituzte horiek. Salbera, adibidez, beti gonbidatzen zuten Vallellanoko Kondea. Gero, demokraziaren garaian, diputatuak edo ministroak gonbidatzen zituzten, baina urte batean errektorea haserretu egin zen, eta ez zien haiei elizara sartzen utzi. Lehen, gainera, bi prozesio egiten ziren festetan; Andremari egunean herrigunekoa, eta San Roke egunean, berriz, Floreagatik hasitakoa, San Roke auzoa zelako hura.

Garai haietan ekitaldi erlijioso asko egiten ziren, eta meza-berria ere izaten zen urtero-urtero andremarietan, hau da, apaiz berrien ordenazioa. Festa egunetan, txistulariok apaiz berriaren etxera joaten ginen, eta familia osoa eramaten genuen elizara. Dantza eta musika ere garrantzitsuak izan dira beti Azkoitiko festetan. Andremarietan, adibidez, dantza lehiaketak egiteaz gain,udalbatzaren aurreskua izaten dugu. Musika Bandak eta txistulariok kalean igarotzen ditugu festa egun guztiak; txupinazotik hasi, udal korporazioa, aurreskua, kontzertuak... Sasoi batean, udalak urtero orkestra bat ere ekartzen zuen, Tolosako Jai Alai, baina 1970. urtean erakundeak diru gutxi zuela eta, talde hura ez ekartzea erabaki zuen. Eduardo Olano zen Azkoitiko alkatea urte hartan, eta herritarrek protesta egin zuten haren etxe aurrean. Hurrengo egunean alkatea gugana etorri zen zerbait prestatu behar genuela esanez. Garaiko musikari batzuk bildu ginen, eta orkestra sortu genuen, egun desberdinetan emanaldiak eskaintzeko Azkoitiko herritarrei. Urte hartan plazako kioskoan pasatu nituen festetako ia egun guztiak!

"Bereziak dira andremariak, urteetan kanpoan bizi diren familiak etortzen dira egun horietan Azkoitira, eta familien arteko elkartasuna erabatekoa izaten da. Hori da festen ezaugarri nagusietako bat"

Bereziak dira andremariak; herritar gehienek parte hartzen duten festak dira, urteetan kanpoan bizi diren familiak etortzen dira egun horietan Azkoitira eta familien arteko elkartasuna erabatekoa izaten da. Hori da festen ezaugarri nagusietako bat. Guk ere urtero egiten dugu familiako juntadizoa; ahal dugun gehienok biltzen gara, janari eta edari artean, ondo pasatzeko asmoz.

Gaur egungo festak oso desberdinak dira; ederrak izaten jarraitzen dute, ordea. Nik jaietan parte hartzen jarraitzen dut oraindik, txistulari bezala. Urduri igarotzen ditut aurreko egunak, emanaldiak ondo eskaintzea nahi izaten baitut. Gainera, adinean aurrera noa, eta horrek ere badu bere eragina... Baina gustura aritzen naiz, pozik herriari eta herritarrei musika eta nik egiten dakidana eskaintzen.

Hamaika ekintzatan parte hartu izan dut andremarietan: udal korporazioari laguntzen, dantza txapelketan, kontzertuak eskaintzen, alkatearen eta zinegotzien aurreskuaren hitzorduan... Zenbat udalbatza ezagutu ditudan urte hauetan guztietan! Eta ezagutzen jarraitzeko asmoa dut; izan ere, nire aita zenaren oroimenez darama txistulari taldeak Txalkor izena, eta zaila egiten zait jardun hori uztea.

Azkoitiarrei festak alai eta ondo pasatzeko deia egin nahi diet. Azkoitiko kaleetan ikusiko gara.

Ondo pasau andramaxek!