40. Inazio Iriarte margo lehiaketaren oinarrien berri eman du udalak

Andoni Elduaien 2023ko abu. 1a, 13:45
Margolari bat, iazko lehiaketan. (Julene Frantzesena)

Abuztuaren 17an, andremarietako Baserritarren egunean, egingo dute berrogeigarrenez Inazio Iriarte margo lehiaketa. Herriari buruzko margolanak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek egun horretan.

Azkoitiko Udaleko Kultura Sailak 40. Inazio Iriarte margo lehiaketaren oinarriak plazaratu ditu. Azkoitiko Kultur Elkarteak antolatuta, andremarietako Baserritarren egunean, abuztuaren 17an, jokatuko dute lehiaketa berrogeigarrenez. Azkoitia gaitzat hartuta aurkeztu beharko dituzte margolanak parte hartzaileek, nahi erako neurrian edota teknika erabilita.

Lehiakide bakoitzak berak eraman beharko ditu lanerako beharrezkoak izango dituen materialak, eta hilaren 17an, herrian eta jendaurrean egin beharko dute horiek lan. Ordea, lehiakideek lanean hasi baino lehen lanerako materiala zigilatu beharko dute Portaleburu erakusketa aretoan, 09:00etatik 10:00etara bitartean. Lanak, berriz, 15:00etarako entregatu beharko dira erakusketa aretora.

Sari banaketa ekitaldia egun horretan bertan egingo dute Portaleburun, 19:30ean hasita; izan ere, areto horretan bertan erakutsiko dituzte gero margolan guztiak zenbait egunez. Erakundeak adierazi du saritutako lanak antolatzaileen eskuetan geldituko direla. Halaber, saritu gabeko lanen prezioak ezingo du sari txikiena baino altuagoa izan. Guztira, 2.550 euro banatuko ditu udalak sarietan. 

Behin erakusketa amaituta, irailaren 11tik 15era bitartean jaso beharko dituzte parte hartzaileek beraien lanak udaletxeko Kultura Sailean; udalak jakinarazi du jaso gabe dauden lanak antolatzaileen esku geldituko direla epe horretatik aurrera. Gainera, parte hartzaile guztiek aukeran izango dute bazkaria.

Iriarte margolariari buruz

Ignacio Iriarte, andremarietako margo lehiaketa izena ematen dion margolaria, Azkoitian jaio zen 1621eko urtarrilaren 16an. Gaztetatik bere artearenganako zaletasuna ikusirik, lehenik Gasteizera joan zen, geroxeago Madrilera, eta 22 urterekin Sevillara (Espainia). Frantzisko Herrera Zaharraren lantokian aritu zen, eta figurak baino paisaiak errazago menperatzen hasi zen, bere gai landuena bihurtuz. 1646an ezkondu zen, eta alaba izan zuen. Alargundu ondoren, bere bigarren emaztearekin, beste bost seme-alaba izan zituen.

Iriartek, ordea, Arte Ederretako akademia ireki nahi izan zuen Sevillan, eta hala fundatu zuen Murillo, Valdez, Medina eta beste batzuekin batera, pare bat ikasle zuzendu zituen. 1670. urteko irailaren 27an gaixotu egin zen, eta egun batzuk lehenago bere testamentuan idatzi zuen "... soy de la villa de Azkoitia, en la provincia de Guipuzcoa...". Sevillako katedralean dago hilobiratuta, eta oraindik orain, Sevillako Eskolako maisurik onenetarikotzat hartzen da azkoitiarra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide