Imanol Larrañaga nagusi Euskal Encounterreko xake txapelketan

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 31a, 09:10
Imanol Larrañaga Eusko Encounterren. (Anaitasuna-Kakute)

Asteburuan egin dute Euskal Encounterraren 31. edizoa, Barakaldoko BECen. Informatikazaleen bilgunean, besteren artean, xake txapelketa jokatu zuten, eta Anaitasuna-Kakute taldeko kidea nagusitu zen.

Imanol Larrañaga azkoitiarrak Barakaldoko BECen izan den 31. Euskal Encounterreko xake txapelketa irabazi du. 4.300 lagunek parte hartu dute informatika hitzorduan, eta zehazki, 64k xake lehian. Larrañagak finalerako txartela eskuratu zuen, eta lehen fasean berdinketa eskuratu arren, bigarren faseko partidetan nagusi izan zen. Iazko arantza atera ahal izan du azkoitiarrak aurtengoan; izan ere, orduko hartan finalerdietara iritsi zen.

Bestalde, Anaitasuna-Kakute taldeko kideek seigarren egin dute Villabonako (Gipuzkoa) Ezkai Memorialaren 36. edizioan. Hamalau talde aritu ziren lehian zapatuan, eta Gros A taldeak, Fomentok eta Gros Bk osatu zuten podiuma. Azkoitiko taldea Jose Joakin Larrañagak, Ion Kuendek, Imanol Larrañagak eta Manuel Paredesek osatu zuten, eta horiek 30,5 puntu batuta, ez zuten lortu podiumean sartzerik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide