Nora Arozena: "Gogotsu nago esperientzia berri bat bizitzeko"

Unax LarraƱaga 2023ko uzt. 28a, 11:30

Nora Arozena. (Espainiako Saskibaloi Federazioa)

15 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin txapelketa bat irabazi berri du Grezian Nora Arozenak (Azkoitia, 2008). Abuztuan Abu Dhabin du hurrengo lehiaketa.

Noiz hasi zinen saskibaloian jolasten?

LH3. mailan nengoela hasi nintzen Iraurgi Saskibaloi Taldeko teknifikazio mailan, 8 urte ingururekin. 

Nola piztu zitzaizun saskibaloiarekiko interesa?

Familiako kide gehienak saskibaloian ibili izan dira. Aitak ere Iraurgi Saskibaloi Taldean jokatu zuen urte luzez. Ni igerian eta saskibaloian ibiltzen hasi nintzen eta azkenean saskibaloian jokatzen jarraitzea erabaki nuen.

15 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin jokatu zenuen aurreko astean. Non jokatu zenuten?

Grezian jokatu genuen, Heraklionen, hain zuzen ere. Kreta irlako hiriburua da. Laguntasunaren Txapelketan hartu genuen parte. Urtero jokatzen dute lehiaketa hori, Espainia, Frantzia, Italia eta Greziako selekzioen artean. Urtero herrialde horietako bati egokitzen zaio txapelketa antolatzea, eta aurtengoa Grezian jokatu da.

Nolako esperientzia izan da?

Oso ona. Hasieran hamabost neska joan ginen, eta horietatik hamabi aukeratu behar zituzten. Ez nuen espero ni hautatzea. Hasiera batean beste neska batek joan behar zuen nire ordez, baina azkenean, urte bat zaharragokoen selekzioan hartu zuten. Ondoren, entrenamenduak egin genituen, gure maila ikus zezaten hamabi jokalariak aukeratzerakoan, eta niri eman zidaten postua.

Hara joatea oso esperientzia aberasgarria izan da. Saskibaloian jokatzera joan ginen, baina beste leku bat, guztiz desberdina, ezagutzea ederra izan da. Gainera txapelketa irabazi egin genuen, beraz, gustura nago egindako lanarekin.

Lehen aldia al zenuen nazioarteko txapelketa batean jolasten Espainiako selekzioarekin?

Aurreko udan Valladoliden [Espainia] kontzentrazioa egin genuen, 14 urtez azpiko jokalariekin. Guk bi talde osatu genituen, eta Portugalgo selekzioaren kontra txapelketa triangularra jokatu genuen. Hori ez zen ezer ofiziala izan, ordea.

Kontzentrazioak eginez entrenatzen duzue selekzioarekin jokatu behar duzuen bakoitzean?

Bai. Bertan egun batzuk egiten ditugu entrenatzen eta amaieran, behin gure maila ikusita, esaten digute jokatzeko aukeratu gaituzten ala ez.

Non duzue hurrengo txapelketa?

Abu Dhabin jokatuko dugu abuztuaren 14tik 20ra bitartean. Aurten lehenengo aldiz egingo duten Junior NBA txapelketan hartuko dugu parte. Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Libano, Alemania, Erresuma Batua eta Espainiako selekzioak izango dira bertan.

Zer espero duzu txapelketa horretaz?

Duela bi hilabete esan zidaten jokatu behar nuela, eta oraindik ere ezin sinetsita nago. Abu Dhabi non zegoen ere ez nekien hasieran, eta mapan begira jardun nintzen. Ilusioa egin zidan ni aukeratzeak eta gogotsu nago esperientzia hau bizitzeko.

Zein uste duzu izango dela zailtasun handiena?

Ez dut uste maila aldetik Greziako txapelketa bezain gogorra izango denik, beraz, agian klimara egokitzea izango da zailena. Abuztuan 50 gradura iristen dira tenperaturak Abu Dhabin, baina espero dut kantxak klimatizatuak izango direla. Agian maila hauetan gehien kostatzen dena kanpoan jokatzen  duzun lehen aldia izatea da, baina aurreko urtean ere jokatu nuenez, jada ez dut kezka hori.

Gogorik ba al duzu Arabiar Emirerri Batuetan jokatzeko?

Bai, gehienbat tokia bera ezagutzeko. Txapelketa jokatzea ere ederra izango da, baina gehienbat Abu Dhabi bera ezagutzeko gogoa dut. Kultura eta hizkuntza guztiz desberdina dute, orain arte egon naizen lekuekin alderatuta, eta bertako bizitza nolakoa den ezagutzeko gogoa dut.

Zer asmo dituzu etorkizunerako?

Iraurgi Saskibaloi Taldearekin jokatzen jarraitzea nahi dut, kadeteen bigarren mailan jokatuko dut datorren denboraldian, eta taldearen helburu moduan Espainiako Txapelketara sailkatzea izango dugu. Helburu indibidual bezala, agian, hurrengo urtean ere selekzioarekin jokatzea gustatuko litzaidake. Hurrengo urtean 16 urtez azpikoen selekzioan egon ahalko nintzateke, eta horiekin Europako Txapelketa jokatzea ederra izango litzateke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide