Tenperatura altuek sor ditzaketen arriskuez ohartaraziko dute bihar Ugarteigarango igerilekuan

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 27a, 12:06
Gurutze Gorriak egindako sentsibilizazio kanpaina bateko irudia. (Gurutze Gorria)

Gurutzeko Gorriko boluntarioak 11:00etatik 14:00etara bitartean izango dira Ugarteigarango igerilekuan, tenperatura altuek sor ditzaketen arriskuez ohartarazten. Sentsibilizazio jarduerak eta lehen sorospenera bideratutako tailerrak eskainiko dizkiete han herritarrei.

Azkoitiko Gurutze Gorriak tenperatura altuek dakartzaten arriskuez ohartarazteko ikastaroa eskainiko du bihar, ostirala, Ugarteigaraingo estali gabeko igerilekuetan. 11:00etatik 14:00etara bitartean eskainiko diete herritarrei tailerra, eta muturreko tenperatura altuak dauden egunetan nola jokatu behar den azaltzeko sentsibilizazio jarduerak egingo dituzte, baita lehen sorospenera zuzendutako tailerrak ere.

Beroak pertsonen osasuna "arriskuan" jar dezakeela adierazi du Gurutze Gorriak, bereziki haurtxoen, adingabeen, bularreko haurren, haurdun dauden emakumeen, adineko pertsonen eta gaixotasunak dituzten pertsonen kasuan. "Gero eta tenperatura muturrekoagoak ditugu, baina ez gara beti jabetzen horrek pertsonaren osasunean zer arrisku sor ditzakeen. Gero eta gehiago hitz egiten da arrisku horiei buruz, baina ez ditugu behar bezain serio hartzen", azaldu du osasun erakundeak ohar bidez.

Muturreko tenperatura altuen aurrean herritarrek "jokabide zuhurragoak" izan ditzaten lagundu nahi du Gurutze Gorriak, eta horretarako abiaraziko dituzte gai horren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak. Erakundearen arabera, beroak eragiten dituzten arriskuetako batzuk dira egunaren erdiko orduetan hondartzetan nahiz igerilekuetan eguzki-babesik gabe egotea edota aire zabalean ariketa fisikoa egitea.

Era berean, nabarmendu dute hondartzetan nahiz igerilekuetan egiten diren jolasetan zein jardueretan "zenbait istripu-arrisku" hartzen direla, bereziki sorospen zerbitzuen jarraibideak ez badira behar bezala betetzen. Bihar, beraz, arrisku horiek ekiditeko bideak zein diren sakonago ezagutzeko aukera izango dute herriko estali gabeko igerilekuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide