Gipuzkoako saskibaloia indartzeko hitzarmena sinatu dute ISBk eta Gipuzkoa Basketek

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 26a, 16:28

Ezkerretik eskuinera, Xubi, Nuñez, Lizaso eta Guridi gaurko agerraldian. (Gipuzkoa Basket)

Federazioen, erakundeen eta babesleen aurkezpen lanetan lagunduko dio Gipuzkoa Basketek ISBri, eta Gipuzkoako taldeak ISBko kideei zuzendutako abonuen kanpaina egingo du. Gainera, teknifikazioa kirolari gazteen artean bultzatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoa Basketek. Bi taldeek sinergiak eta aukerak partekatuko dituzte klubek hazten jarrai dezaten.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak eta Gipuzkoa Basketek hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Gipuzkoako saskibaloia indartzeko xedez. Nacho Nuñez Gipuzkoa Basketeko presidenteak eta Maier Lizaso ISBko presidenteak parte hartu dute agerraldian, baita Jose Luis Zubizarreta Xubi Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendariak eta Ibon Guridi ISBko kirol zuzendariak ere.

Hiru puntuko akordioa erdietsi dute bi aldeek: batetik, Gipuzkoa Basketek ISBri federazioen, erakundeen eta babesleen aurkezpen lanetan parte hartzeko eta laguntzeko konpromisoa hartu du; bestetik, Gipuzkoa Basketek denboraldiko abonuen kanpaina egingo du ISBko kideentzat; eta horrez gain, Gipuzkoa Basketek ISBren kirol teknifikazioa jokalari gazteen artean bultzatzeko konpromisoa hartu eta ISBren 3x3 saskibaloi modalitatea lagunduko du.

Gipuzkoa Basketek lurraldeko saskibaloiaren etxe bihurtzeko lanetan jarraitu nahi du hitzarmenari esker, eta ISBk nahiz talde horrek sinergiak eta aukerak partekatuko dituzte klubek hazten jarrai dezaten. Halaber, kantxan lehiatzeko eta Gipuzkoako saskibaloia hazten laguntzeko helburua partekatu dezaketela azpimarratu dute, baita Gipuzkoako saskibaloiak talde guztien arteko elkarlana behar duela esan ere. "Ez dago inor ahalegin horretatik kanpo, eta eskura dauden ahalbide guztiak aktibatu behar dira. Gipuzkoa Basket eta Iraurgi ziur daude apustu horren birtualtasunaz, eta bi kluben arteko hitzarmena da uste sendo horren adierazpena".