Etxebizitzetan lapurreta egiteko arriskuaz ohartarazi du Udaltzaingoak

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 26a, 12:27

Trino Uria kalea.

Udaltzaingoak silikona markak atzeman ditu Azkoitiko herriguneko auzo bateko hainbat etxeetako ateetan. Ateetan lapurrek utzi ohi dituzten seinalerik ikusten al duten begiratzeko eskatu die herritarrei. 

Udaltzaingoak silikona markak atzeman ditu Azkoitiko herriguneko auzo bateko hainbat etxeetako ateetan. Hala adierazi du Azkoitiko Udalak, eta ondorioz, herritarrei adi ibiltzeko ohartarazi die erakundeak. Halaber, ateetan lapurrek utzi ohi dituzten seinalerik ikusten al duten begiratzeko eskatu die herritarrei.

Uda garaian lapurretak areagotu egiten direla ere adierazi du udalak, oporrak tarteko, herritarrak askotan etxetik kanpo egiten direlako eta lapurrek abagune hori aprobetxatzen dutelako. "Lapurrek marka txikiekin seinalatzen dituzte etxeak, informazioa lortzeko eta lapurretarako etxebizitzak ematen dituen aukerak edo erraztasunak ikusteko", adierazi du udalak.   

Azkoitian silikonazko hari mehe eta txikiak atzeman ditu Udaltzaingoak, "ia hautemanezinak". Hari hori apurtzen baldin bada, lapurrek etxebizitza horretan mugimendua izan dela jakin ahal izaten dutela adierazi du udalak. "Haria bere horretan mantentzen bada, lapurrek badakite errazagoa izango zaiela sartzea eta lapurreta egitea".