Azkoitiko PSE-EEk ez du onartu EAJk eskainitako liberazio proposamena

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 25a, 08:24
Janire Igoa, PSE-EEko zinegotzia. (Ane Olaizola)

Igoak ez du onartu EAJk alderdi sozialistari egindako %15eko liberazio proposamena. Bestalde, oposizioko indar nagusiak, EH Bilduk, %100eko arduraldi esklusiboa izango duen ordezkari bat izango du udalean, Udal Legearen Oposizioaren Estatutuak hala zehazten duelako. Azkoitia Baik, berriz, jeltzaleek proposatutako %50eko liberazioa onartu du.

Hil honen hasieran egin zuen Azkoitiko Udalak erakundearen antolaketa berria zehazteko bilkura, eta hainbat punturen artean, Udal Gobernua osatzen duen EAJk liberazioen proposamena egin zien oposizioko alderdiei. Udalbatzar hartanez zituzten jakinarazi alderdi bakoitzaren ordezkariak, ezta liberazio horiek onartuko zituzten ere. Bada, Azkoitiko PSE-EEk jakinarazi du Janire Igoa zinegotzi sozialistak uko egin diola jeltzaleek proposatutako %15eko liberazioari.

PSE-EEko ordezkariak %15ean liberatzeko aukera zuen, urtean 6.978 euroko soldata gordina jasoz. Dena den, Igoak proposamena ez onartzea erabaki du, eta hori horrela, alderdi sozialistak ez du liberatutako ordezkaririk izango udaletxean 2023-2027 agintaldian. Beraz, sozialistak ez du soldatarik jasoko zinegotzia izateagatik; soilik osoko bilkuretara eta batzordeetara joateagatik jasoko ditu hark ordainsariak.

EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak, berriz, liberatuak izango dituzte udaletxean. Udal Legearen 33. artikuluan oposizioaren estatutuak hala jasotzen duelako, EH Bilduk %100ean liberatutako ordezkari bat izango du indarrean sartu den agintaldian. Hain justu, Iraitz Otaño zinegotzia liberatuko da. Koalizio abertzalea bigarren indarrik bozkatuena izan zen udal hauteskundeetan, eta beraz, oposizioko indar nagusia bilakatu zen.

Udal Legeak dio 10.000 biztanletik gorako herriek bermatu egin behar dutela, gutxienez, oposizioko indar nagusiaren ordezkari batek arduraldi esklusiboa izatea. Udal Gobernua kontrolatzeko eta fiskaltzako lana behar bezala egiteko liberatuko da Otaño. Koalizio abertzaleko ordezkariak 46.526 euroko soldata gordina jasoko du urtean, baina hedabide honi azaldutakoaren arabera, haren "soldataren zati bat alderdira" bideratuko dute "soldata baxuagoa" izan dezan.

Bestalde, hautetsi bat %50ean liberatzea eskaini zion EAJk Azkoitia Bairi, eta herri plataformak onartzea erabaki du. Azkoitia Bairi Ingurumen Mahaiaren, aurrekontu parte hartzaileen eta San Jose egoitzaren delegazio berezien ardura izatea proposatu zieten jeltzaleek herri plataformakoei, betiere bakoitzari dagokion batzordeburuaren menpe. Udalaren antolaketa zehazteko udalbatzarrean puntu guztien aurka bozkatu zuen Azkoitia Baik. "Arduratsu jokatuko genuela eta gauza batzuez arduratu nahi genuela esan genuen", azaldu du Jose Joakin Etxaniz zinegotziak. Hori horrela proposamena onartu egin dute herri plataformakoek. Hain justu, Etxaniz zinegotzia liberatuko da herri plataformatik, eta hark 23.273 euroko soldata gordina jasoko du urtean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide