Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

EH Bilduk jaso ditu boto gehien Azkoitian Espainiako Kongresurako hauteskundeetan

Nerea Uranga 2023ko uzt. 23a, 21:59

Botoen %36,82 boto jaso ditu koalizio abertzaleak Azkoitian, eta bigarren indarra EAJ izan da, botoen %33,05 eskuratuta. 2019ko azaroko hauteskundeetatik 4,41 puntu jaitsi da parte hartzea; %34,16ko abstentzioarekin.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozen eguna izan da gaur, eta Azkoitian 8.484 herritar zeuden botoa ematera deituta. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan EH Bildu izan da nagusi gaur Azkoitian, 2.048 boto eskuratuta (%36,82). Bigarren alderdi bozkatuena EAJ izan da, 1.838 boto jasota (%33,05). Hirugarren indarra, berriz, PSE-EE (PSOE) izan da 944 botorekin (%16,97). Sumarrek 376 boz lortu ditu, botoen %6,76. PPk 203 boto lortu ditu eta Voxek 82 boto.

Azkoitian botoak lortu dituzten gainontzeko alderdiak honakoak izan dira: Pacmak 15, Esncaños en blancok 9, Frente Obrerok 9, PCTE-ELAK-ek 3, Pum+Jk 2 eta Recortes Cerok 2.

2019ko azaroko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan baino parte hartze txikiagoa izan da gaur Azkoitian; 4,41 puntu jaitsi da. Gaurko bozetan %34,16ko abstentzioa izan da.

2019ko azaroko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan EAJ izan zen nagusi Azkoitian 2.475 botorekin (%41,82), eta EH Bildu izan zen bigarren alderdi bozkatuena 1.866 boto eskuratuta (%31,53). Ordukoan ere, PSE-EE izan zen hirugarren indarra 663 boto lortuta (%11,20). Gaurko hauteskundeetan EH Bilduk eta PSE-EEk botoetan gora egin dute; hurrenez hurren, 182 boto eta 281 boto gehiago jasota. EAJk, aldiz, 637 boto galdu ditu 2019ko azaroko bozekin alderatuta.