Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Herritarrak hasi dira Espainiako Gorteetarako botoa ematen

Nerea Uranga 2023ko uzt. 23a, 10:59

Elkarguneko hauteslekuan, gaur herritar bat botoa ematen. (Nerea Uranga)

Espainiako Gorteetarako bozen eguna iritsi da, eta 09:00etatik zabalik dira hautetsontziak. Herritarrak boza ematera deituta daude Espainiako Kongresuko eta Senatuko ordezkariak aukeratzeko, eta 21:00etatik aurrera, Kongresuko emaitzak ikusteko aukera izango da maxixatzen.eus webgunean, grafikoez lagunduta.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozen eguna da gaur, uztailak 23, eta dagoeneko nabaria da jendearen joan-etorria Azkoitian jarrri dituzten hamahiru hauteslekuetan. 09:00etan zabaldu dituzte boza emateko mahaiak, eta herritarrak lehen ordutik bertaratu dira botoa ematera. Azkoitian, 8.484 herritar daude botoa ematera deituta. Maxixatzenek ezin izan du lortu posta bidez botoa eman duten herritarren kopurua. 

20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta orduan hasiko dute botoen kontaketa. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.

Hego Euskal Herriko 2,3 milioi herritarrek dute bozetan parte hartzeko aukera, eta horietatik 249.723k jada posta bidez egin dute. Denera, herritarrek 23 diputatu eta hamasei senatari aukeratuko dituzte.

Herritar  bat botoa ematen Portaleburu aretoan. (Nerea Uranga)

 

2019ko azaroan egin ziren Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeak; urte hartan bi aldiz izan ziren bozak, apirilekoaren ondoren egin ziren azaroakoak. Ordukoan, Kongresurako boto gehien EAJk eskuratu zituen Azkoitian, 2.475 boto eskuratuta. EH Bildu izan zen bigarren bozkatuena, 1.866 boto lortuta. PSE-EE izan zen hirugarren indarra Azkoitian, 663 bozekin, eta laugarrena Elkarrekin Podemos 592 botorekin. Atzetik egin zuten PPk (150 boto), Vox-ek (93 boto) eta Ciudadanosek (22 boto).

Honako hauek izan ziren 2019ko azaroko Espainiako Gorteetako hauteskundeetako Azkoitiko emaitzak: