Joxean Larrañaga Azkoitiko apaiza hil da mendian, Panticosan

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 21a, 16:36
Joxean Larrañaga Azkoitiko apaiza meza batean.

Atzotik ari ziren Guardia Zibilaren Mendiko Erreskate Taldeko kideak Azkoitiko apaizaren bila. Picos Faceras eremuko amildegi batean aurkitu dute gaur goizean haren hilotza. Izatez Debakoa zen Larrañaga, baina urteak zeramatzan Azkoitiko apaiz etxean bizitzen.

Guardia Zibilak Joxean Larrañaga Azkoitiko apaizaren gorpua aurkitu du gaur goizean mendian, Panticosan (Espainia). Izatez Debakoa zen Larrañaga, eta 67 urte zituen. Oñatiko parrokoa izan zen 2008-2019 urtera bitartean, eta orduz geroztik, Azkoitian bizi zen, apaiz etxean, hain zuzen ere.

Atzo arratsaldetik ari ziren larrialdi zerbitzuak haren bila. Izan ere, atzo mendi buelta egitera atera zen beste bi lagunekin batera, baina une jakin batean lagunengandik urrundu eta desagertu egin zen. Guardia Zibilak zehaztu duenez, lagunek ezin izan zuten osasun arazoak zituen apaiza aurkitu, eta horregatik hasi zuten bilaketa Mendiko Erreskate Taldekoek, bilaketetan espezializatutako txakurrekin eta Guardia Zibilaren aireko unitatearekin batera.

Goizaldean, 03:00 aldean, utzi dituzte bilaketa lanak, gaur goizean berriro ekiteko. Hain zuzen ere, 11:15 aldean aurkitu dute apaizaren hilotza, Picos Faceras eremuko amildegi batean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide