Zaletasunak elkarrekin josten

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 21a, 10:16

Maria Gorostiola, bere sorkuntzetako batekin. (Utzitakoa)

Marka berria da Kusto Basque Country, baina bizitza luzea izatea espero dute Maria Gorostiolak eta Jon Kustodiok. Bidaia eta surf zaleak dira, eta proiektua sortu dute bi zaletasunak uztartuz.

Hasieran opari soil bat zena, proiektu bilakatu dute Jon Kustodio Kusto azkoitiarrak eta Maria Gorostiola algortarrak. Azkoitian bizi dira biak, eta Kusto Basque Country marka sortu dute, munduko txoko desberdinetako oihalekin askotariko jantziak eta osagarriak sortzeko.

Bikote dira Gorostiola eta Kustodio, eta Gorostiolak egindako opari batean du hastapena gaur egun marka bihurtu denak. "Betitik atsegin izan dut eskulanak egitea eta jostea. Nire amak betidanik josi izan du, eta harekin ikasi nuen joskintza lanak egiten. Nahiko abila naiz, eta atsegin dut gauzak eskuz sortzea. Hori dela eta, Kustoren urtebetetze egunerako surfeko taularentzako zorro bat egin nuen, baita neoprenoa eramateko poltsa bat ere; izan ere, asko aritzen da surfean. Mimoz egin nuen guztia, oihala aukeratu, josi, etiketa diseinatu…Hortik dator markaren izena, hasiera batean berarentzat sortutako zerbait baitzen. Inguruko lagunei asko gustatu zitzaien, ordea, eta hainbat enkargu eskatu zizkidaten. Hor hasi zen abentura", kontatu du Gorostiolak. Ingurukoen eskariei erantzuten hasi zen Azkoitiko bikotea, eta jasotako babesa eta produktuek izandako harrera ikusita, proiektuarekin jarraitzea erabaki zuten. Egunerokoan dituzten zaletasunak uztartu dituzte proiektuan: eskulanetarako zaletasuna, diseinua, surfa, skatea eta bidaiatzea. Osagai guztiak proiektu bakarrean josten dabiltza.

"Egunerokoan erabiltzeko produktuak" sortzen dituzte gehienbat: "Gure asmoa da praktikoak diren produktuak egitea; esaterako, surfeko taulak eramateko zorroak, taulak babesteko estalkiak, askotariko poltsak, kamisetak… egunerokoan erabiltzeko modukoak diren gauzak egitea da gure asmoa", kontatu du Gorostiolak. Finean, praktikoak eta koloretsuak dira Kusto markapean egiten dituzten lanak, eta erabiltzen dituzten oihalak dira proiektuaren bereizgarri nagusia.

Jon Kustodio, Kusto Euskal Herria markako poltsa batekin. (Utzitakoa)

Oihalak, bereizgarri nagusi

Munduko hainbat txokotatik ekarritako edo erositako oihalak erabiltzen dituzte haien produktuak egiteko. Kontatu dutenez, bidaiatzea "ikaragarri" gustatzen zaie, eta bisitatzen dituzten lurralde desberdinetako oihal bereziak lortzen saiatzen dira, lekuan lekuko nortasuna jasotzen dutenak. "Oraingoz, Tailandiako, Marokoko, Balear Irletako nahiz Indiako oihalak erabili ditugu, besteak beste. Ez dira leku horietan erositako edozein oihal, bereziak dira, lekuan lekuko kulturari lotutakoak. Estanpatu bereziak dituzte, eta saiatzen gara nortasun handikoak izan daitezen. Denbora asko eskaintzen diogu oihalen aukeraketari". Era berean, gaineratu dute, oihalek jasotzen dituzten istorioak ere berezi egiten dutela proiektua: "Oihal bakoitza bidaia zehatz bati lotuta dago, hainbat istorio barnebiltzen ditu, eta hori oso ederra da guretzat", kontatu dute. "Oihalak egiten dituztenek nola lan egiten duten ikustea eta jakitea ederra da", adierazi dute. Kusto markako oihalek zer-nolako ezaugarriak izan behar dituzten galdetuta, argi erantzun dute: "Koloretsuak, biziak, alaiak, eta ekoizle txikiek egindakoak. Beti erosten dugu saltoki txikietan edo saiatzen gara ekoizleei zuzenean erosten. Bidaiatzen dugunean harremanak ere egiten ditugu, eta gomendatzen dizkiguten lekuetara jotzen dugu beti. Kontaktuak ditugu zenbait lurraldetan, eta haiek laguntzen digute materiala eskuratzen".

Gaur egun, Instragram bitartez ari dira marka zabaltzen, baina han ez ezik, azokaz azoka ibiltzen dira eskuz sortutako proiektuak saltzen, eta horretan jarraitzeko asmoa dute; izan ere, Kustodio eta Gorostiola «oso pozik» daude markak izan duen harrerarekin, eta proiektua garatzen jarraitzeko asmoa dute. Euskal Herritik, mundura Gorostiolak eta Kustodiok denbora asko eskaintzen diote esku artean duten egitasmoari, eta mimoz egiten dute lan, baina, oraingoz, ez da haien ogibidea. "Denbora librean aritzen gara sortzen eta marka sustatzen. Hala ere, oso gustura egiten dugun zerbait da, eta beti ateratzen dugu tarteren bat. Orain, esaterako, Galizian gabiltza, eta edozein unetan hartzen dugu tartea edukiak sortzeko". Euskaraz egiten dute lan, eta markaren sustapena ere euskaraz egiten dute, baina mundura zabaltzea nahiko lukete. "Basque Country azpi izena darama markak; izan ere, Euskal Herritik mundura zabaltzea nahiko genuke, eta hori da gure erronka. Dagoeneko ari gara hainbat txokotako surf eskolekin hitz egiten, haietan ere Kusto eskuragarri egon dadin".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide