Madelein aldiko grabatudun zintzilikario bat aurkitu du Munibe arkeologia taldeak Mendaron

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 20a, 09:54
Aurkitu duten grabatudun zintzilikarioa. (Munibe taldea)

EHUko historialari eta ikertzaile talde batekin eta Madrilgo Complutensearekin elkarlanean egin dute aurkikuntza Azkoitiko taldeko kideek, Aizkoltxo aztarnategian. Kontu handiz egindako grabatuak ditu apaingarriak: orein bat eta bi itsas zoomorfo ageri dira, besteak beste. Kristo aurreko 11.000 urtekoa da aurkikuntza.

Azkoitiko Munibe arkeologia taldeko kideek eta EHUko historialari eta ikertzaile talde batek, Madrilgo Complutensearekin elkarlanean, Madelein aldiko (Goi Paleolitiko garaiko) grabatudun zintzilikario bat aurkitu dute Mendaroko (Gipuzkoa) Aizkoltxo aztarnategian.

Madelein garaian halako zintzilikarioak erabiltzen zituzten ehiztariek, aurkikuntza egin dutenek azaldu dutenez, eta Aizkoltxon aurkitu dutenak kontu handiz egindako grabatuak ditu: orein bat eta bi itsas zoomorfo ageri dira apaingarrian, baita gurutzeak eta marra sinpleak ere.

Hain zuzen ere, zintzilikakoak eskuin aldean du oreinaren irudia; animaliaren burua eta lepoa irudikatzen ditu. Beste bi irudiak itsas animaliaren batenak direla adierazi dute ikertzaileek, baina ezaugarri aldetik "interpretatzeko oso zailak" direla esan dute. Horien ustez, baliteke fokaren edo arrainen baten irudikapena izatea, argi ez dagoen arren.

Kristo aurreko 11.000 urtea

Madelein aldiaren bukaerako data jarri diote zintzilikarioari, hau da, kristo aurreko 11.000 urtekoa dela azaldu dute ikerlariek. Garai hartan baliabide eta teknika arruntak erabiltzen zituzten apaingarriak egiteko, eta Mendaron aurkitutako bitxiak ere hori erakusten duela jakinarazi dute adituek.  

Grabatu zabal eta sakonak ditu piezak, eta xehetasunak egiteko, beste hainbat grabatu mota erabili zituzten; oreinaren begia egiteko, esaterako. Gainera, eskarmentu handiko grabatzaile batek egindako pieza dela ondorioztatu dute ikertzaileek; perfekzio osoz egindakoa dela azaldu dute, "zuzenketarik eta akatsik gabea". Zintzilikarioak beste hainbat lekutan egindako aurkikuntzekin antzekotasunak dituela ere jakinarazi dute, hala nola Kantabrian eta Frantzia iparraldean egindako hainbatekin.

Ikerketa Blanca Otxoak, Daniel Ruiz Gonzalezek, Erik Arevalok, Javier Alberdik, Juan Mari Arruabarrenak eta Jose Antonio Mujikak egin dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide