Josu Odriozola: "Albistegiek erre egin ninduten, baina irratiak ez"

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 1a, 09:25
Josu Odriozola, 'Xatoken Moura' irratsaioaren aurkezlea. (Mailo Oiarzabal)

Gustuko eta neurriko tokia aurkitu zuen Josu Odriozolak irratian, espero ez zuen esparru batean. Duela bi urte, irratiko lana albo batera uztea eta beste bide batzuk jorratzea erabaki zuen, baina irratigintzara itzuli zen duela hilabete batzuk, hobby gisara bada ere, Xatoken Moura umore saioarekin. Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Irratiarekin ez zuen ia harremanik Josu Odriozolak (Azkoitia, 1996) Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko ikasketak egiten hasi zenean, baina praktikaldi batek dena aldatu zuen. Euskadi Irratian aurrena eta Naiz Irratian gero, irratigintzan urratu zuen bidea lanean hasi zenean, nahiz eta egun beste lanbide batean dabilen. Hala ere, ez du baztertzen komunikazioaren mundura itzultzea. Bien bitartean, harra baretzeko, Xatoken Moura saioa egiten du Naizen.

Zer ibilbide egin duzu irratigintzan?

Unibertsitatean ikasten ari nintzela, artean ez neukan oso argi nondik jo. Kamerak, grabatzea... gustatzen zitzaizkidan; eta soinuaren mundua, asko. Praktikak aukeratzeko unea iritsi zen, eta ez nekien non egin nahi nituen. Aukeretako bat zen EITBn bekadun izateko hautaketa proba egitea; izena eman nuen, proba egin, eta uste izan gabe, Euskadi Irratian hartu ninduten. Nirekin harremanetan jarri zirenean, galdetu zidaten ea zertan egin nahiko nukeen lan, eta ez neukan arrastorik; beraiek esandako lekuan jartzeko eta probatuko nuela erantzun nien. Horrela, asteburuetako albistegietan hasi nintzen lanean. Gustatu zitzaidan esperientzia. Batez ere, irratiaren mundua asko gustatu zitzaidan, nahiz eta ordura arte ez nuen asko jarraitzen. Albistegietan bekadun epea osatutakoan, han super beka esaten ziotena eskaini zidaten; bekadun lanaren luzapen bat zen, beste hiru hilabetez, uda osoan, lan egiteko. Albistegiez gain, Itziar Alduntzinekin batera saio bat egin nuen, Blai izenekoa. Hantxe izan nuen irratia eta lana probatzeko aukera. Ikasketen hirugarren urtean egiten genituen praktikak. Laugarrenean, ikastera bueltatzea tokatu zitzaidan, baina zortea izan nuen, eta ikasketak amaitu nituenean, berriro deitu zidaten.

"Nahiko lotsatuta hasi ginen, ez ginen ausartzen jendeari saio berria genuela esaten"

Euskadi Irratitik?

Bai. Ordezkapen bat bestearen atzetik kateatuta, guztira hiru urte egin nituen han lanean, batez ere albistegietan. Ordezkapenak beti izaten ziren oporraldietan eta, eta neure buruari esaten nion beste zerbait behar nuela, egonkortasun pixka bat gehiago. Sare sozialetan ikusi nuen Naiz Irratia martxan jartzekoak zirela eta langileak behar zituztela, frogetara aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduten; 2019ko bukaera aldean izan zen. Urte eta erdi egin nituen Naizen.

Zer saiotan egin zenuen lan Naizen?

Albistegietan, nagusiki. Irrati haren hastapenak ziren eta saio zehatz gutxi genituen. Horietako bat zen Informazioaren Haria, eta hor aritzen nintzen ni. Goizetan egiten nuen, Amaia Zurutuzarekin eta Ainara Rodriguezekin. 2020ko urtarriletik 2021eko maiatzera aritu nintzen saio hori egiten. Han lanean hasi eta justu bi hilabetera, pandemia etorri zen: telelana, etxetik, nahiko ordutegi eta baldintza aldrebesak... Kazetaritzarekin erre egin nintzen, nolabait.

Pandemia betean lan egitea tokatu zitzaidan, eta nahiko zaila izan zen. Etxetik egiten nuen lan, 04:00etatik 12:00etara; etxeko denak nazkatu nituen, goizeko zazpietan hizketan hasten nintzenean. Neuretzat ere gogorra izan zen. Bideo-dei batzuk kenduta, harreman guztiak telefono bidezkoak ziren. Lankide asko ez nituen ezagutzen; esaterako, ia urtebete neraman lankide batekin lanean, baina ez nion aurpegirik jartzen. Zaila zen. Gainera, aktualitateak erre egin ninduen. 2021eko maiatzean utzi nuen Naizeko lana, aktualitatearekin erreta. Zaila zen momentu hartan kazetaritza egitea, eta horrek erre egin ninduen. Jauzi bat ematea erabaki nuen. Gogoan dut amari esaten niola berdin zitzaidala zer egingo nuen ondoren, baina lan hura utzi beharra neukala, puska baterako behintzat.

Zer lan egiten duzu orain?

Mendaroko tailer batean nabil, piezen injekzioa egiten dugu. Azkoitiko lagun baten bitartez hasi nintzen, eta urte eta erdi daramat han. Deskonektatzea errazagoa da, zortzi ordu lan egin eta ahaztea. Ez dut baztertzen etorkizunean ikus-entzunezkoekin zerikusia duen beste zerbait probatzea, baina horrelako zerbait behar nuen orain, deskonektatzeko.

"Ez dut baztertzen ikus-entzunezkoekin zerikusia duen beste zerbait probatzea"

Hala ere, Xatoken Moura izeneko irratsaioa egiten duzu orain Naiz irratian, Ion Garate lankide ohiarekin. Zer da, irratiaren harra elikatzeko modu bat?

Horixe bera, bai. Hobby bat da niretzat. Izan ere, albistegiek erre egin ninduten, baina irratiak ez; irratia gustura egiten dut. Ion Garate ikaskidea izan nuen, lankide ere bai Naizen, eta ondoren ere tratu handia mantendu dugu. Joan den urteko irailean egin zidan proposamena: "Hi, Wazemanken moduko zerbait egin nahi diat, baina irratirako"; hitz horiexekin esan zidan. Momentu hartan nahiko airean zeukan asmoa, baina animatuko al nintzen galdetu zidan; zeozer egiteko gogoz harrapatu ninduen, eta baietz esan nion. Ideia garatu genuen, forma ematen joan ginen, eta bi astean behin ordubeteko programa bat egiteko proposamena osatu genuen. Xatoken Moura izena aukeratu genuen, ikaskide oñatiar umoretsu bati entzuna genion esamoldea hartuta. "Datorren bezala" da, oñatiarrez esanda; aipatu dudan ikaskide horren areto futboleko taldearen izena ere bada; berak esaten zuen baloia jotzen zutela zetorren bezala, eta horrela entzun genuen guk lehen aldiz.

Saioa irratian eman aurretik grabatuta izaten al duzue?

Bai, ez dugu zuzenean egiten. Egun batean gelditzen gara grabatzeko, Naizen eta Gararen Donostiako estudioetan, eta hiru ordu-hiru ordu eta erdi behar izaten ditugu grabazioa osatzeko; izan ere, kostatu egiten zaigu grabatzea: esketxak grabatzerakoan barrez hasi eta errepikatu egin behar, elkarrizketatu bat izaten dugu saioro eta horrek ere zati handi bat hartzen digu... Aurtengoa proba bat izan da; lau saio egin ditugu, eta bosgarrenarekin itxiko dugu denboraldia. Berak [Garate], Xatoken Mouranen aritzeaz gain, kirol informazioan egiten du lan Naizen, eta nik ere neure lana daukat. Hasierako saioek balio izan digute konturatzeko, bi astez behin zerbait egin nahi baduzu, zerbait laburragoa behar duela izan. Neurtzen txarrak gara, ordubetetik pasatzen gara beti, eta gero, mozten ibili behar.

"Datorren bezala" izena bai, baina saioa egiteak lanketa gehiago eskatuko dizue, ezta? Nola egiten duzue?

Badauka inprobisaziorako tarte bat. Saio bakoitzak sei atal edo zati izaten ditu. Sarrera baten ondoren, beti dator esketx bat, bioi okurritzen zaigun artistakeriaren bat. Ni ez, baina Ion oso ona da imitatzen; orduan, berak hartzen du umorezko rola, eta nik formalagoa. Esketx horren ondoren, elkarrizketaren tartea etortzen da. Saiatu gara pertsonaia ezagunak gonbidatu beharrean, geure inguruan ezagutzen ditugun pertsonaia xelebreak gonbidatzen.

Xelebreak, zer zentzutan?

Guk ere xelebretzat daukagu geure burua. Lehen gonbidatua ikaskide bat izan zen, bigarrena lankide bat, hirugarrena haren kuadrillako bat, laugarrena nire kuadrillako bat... Geuk ezagutzen ditugunak, eta jokoa emango dutela badakigunak. Gonbidatuaren elkarrizketaren ondoren, berriz, fikziozko elkarrizketaren tartean etortzen da; Ionek elkarrizketatuaren rola jokatzen du, eta nik elkarrizketatzailearena; galdera asko ez dizkiot aurretik erakusten, inprobisatu behar izaten du. Albistegi zoroa da saioaren beste atala, Naizeko lankideen parodietan oinarrituta. Saioaren gidoiak bien artean idazten ditugu; elkarrizketatua gonbidatzen duenak lan pixka bat gehiago izaten du, saiatzen baikara galderak gonbidatua ezagutzen duenak presta ditzan.

Zer erantzun jaso duzue entzuleen partetik?

Biok ere nahiko lotsatuta hasi ginen, ez ginen ausartzen jendeari esaten saio berria genuela, entzuteko, eta zer iruditzen zitzaien esateko. Baina, pixkanaka... Tailerreko lankide batek esan zidan, "hi, saio hau entzun diat, eta hire kristoren antza zeukak". Neu nintzela, eta ea zer iruditu zitzaion galdetu nion, eta nahiko entretenigarria zela erantzun zidan. Geu oso eroso sentitu garela esan dezaket. Nire kasuan, erregistro oso-oso formal eta mugatu batera ohituta nengoen, eta honek beste aukera bat eman dit.

"Youtuben edo TikToken edukiak gero eta laburragoak dira, eta hori da joera gazteen artean"

Dena podcast den honetan, non kokatzen da irratigintza konbentzionala?

Zaila da. Nik neuk ere, kontsumitzaile gisa, podcastak entzuten ditut erabat. Akaso Euskadi Irratiaren 06:00etako albistegia entzungo dut, zer dagoen berri jakiteko; eta gauean, ohera joan aurretik, Gaur Egun ikusiko dut. Hortik aurrera nik, irrati konbentzionala... Hiru Erregeen Mahaia zeozer, udan Arratsean saioa inoiz, baina bestela, irrati konbentzionala, batere ez. Izatekotan, edukiren bat eman dutela badakit eta zuzenean entzuterik izan ez badut, podcast bidez entzuten dut; aurrekoan, esaterako, Martxelo Otamendiri Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa tailerrean entzun nuen gauean.

Gazteen artean joera orokorra hori dela esango al zenuke?

Erabat, esango nuke. Irratian ibiltzen nintzenean, laneko kontuak aipatu eta ingurukoek "a, hori egiten duzue?" galdetzen zidanean, arraroa egiten zitzaidan; baina gero konturatzen nintzen neuk ere ez nekiela ezer irratiaz, lanean hasi nintzen arte. Hiru Erregeen Mahaia jarraitzen genuen guk irratian, futbola; neu ez naiz batere futbolzalea, baina kuadrillakoak bai, eta horrelaxe. Eta ez pentsa podcastak ere gazte-gazteenen artean asko entzuten direnik. Twitcheko streamingak eta Youtubeko influencerak bai, baina gazteak ez ditut ikusten ordubeteko podcastak entzuten. Youtuben edo TikToken eduki gero eta laburragoak daude bogan, eta hori da joera gazteen artean. Kezka handia sortzen dit horrek, batez ere informazioari dagokionez. Teletipo asko ere laster ChatGPT horrek interpretatuko dituela eta kazetaritza desagertu egingo zela zioen aurrekoan lankide ohi batek.

Auto lasterketen "lilura"

Irratiarekiko ez bezala, "ume-umetatik" datorkio Odriozolari autoekiko eta auto lasterketekiko lilura, "nolatan" ez badaki ere: "Etxean ez dira batere zaleak izan. Aitari sekulako errespetua ematen diote, amari beldurra... Akordatzen naiz 8 urte neuzkala, Azkoitian lehenengo rallya, eta kotxeak ikusi nituen ordurako plazara joan nintzela".

Zaletasunetik lasterketetan parte hartzeko bidea ere jorratu du azken urteetan. Speaker lanak egitetik lasterketak auto barrutik, kopilotu lanetan, bizitzeko pausoa ere emana du, eta bi jarduerak uztartzen ditu. Iraitz Olariaga herrikideak eman zion gidari laguntzaile aritzeko lehen "aukera". Aurten, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Ugaitz Gorostidirekin hasi da kopilotu, eta Pirelli Kopa ari dira lehiatzen, "serio samar". Rallyak zein rallysprintak, bietakoak egiteko aukera eskaintzen die kopa horrek; sanferminetan dute hurrengo zita, Errioxan (Espainia). Baina herriko Errebueltie eskuderiak Lazkaoko (Gipuzkoa) Ikullu Racing-ekin antolatzen duen Goilurrak Rallyan beste azkoitiar batekin aritu zen, Mikel Madinabeitiarekin. "Ez genuen zorterik izan.

Lasterketa aurretik autoa egiaztatuta, dena ondo zegoela eta aurrera. Eta rallyko lehen zatiaren irteerara bidean gindoazela, puskatu egin zitzaigun autoa. Horrelakoak gertatzen dira mundu honetan. Beraz, ikusten eta antolaketari laguntzen pasatu genuen asteburua", kontatu du Odriozolak. Pilotu "probatzea" ere gustatuko litzaiokeela aitortu du azkoitiarrak, "baina mundu honetan agintzen duena dirua da", dio, bere nahia egi bihurtzea urruti ikusten duela adierazteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide