Erretratua

Sabrina Romero: "Marrazteak zentzua ematen dio nire bizitzari"

Naia Arrizabalaga 2023ko uzt. 29a, 09:00
Sabrina Romero marrazkilariaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Sabrina Romero marrazkilaria da, eta batez ere ilustrazioan aritzen da. Umetan zaletu zen marraztera; 5 urte zituela hasi zen horretan, Xanti Oria irakasle harturik. Gerora, herrian zenbait irakasle izan zituen, eta Arte Ederrak ikasi zuen. Azken urteetan, hainbat proiektutan parte hartu du marrazkilari moduan. Uztaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Erretratua' erreportajea da honako hau.

Sabrina Romerok (Azkoitia, 1977) umetan izan zuen lehen hartu-emana marrazkigintzarekin: "Txikitan zaletu nintzen; gurasoei esaten nien marrazten ikasi nahi nuela". Bere nahia betetzeko asmoz, Xanti Oria irakaslearengana eraman zuten gurasoek, eta hark hasieran "gazteegia" zela esan bazion ere, eskola haietatik abiatuta ibilbide oparoa osatu du azkoitiarrak. Orduz geroztik, zenbait irakasle izan ditu herrian bertan; Xebas Larrañaga, esaterako. Arte Ederrak unibertsitate ikasketak ere egin zituen.

Ikasten soilik ez, Romero irakasle lanetan ere aritutakoa da haurrekin: "Azkenengo esperientzia Hauspo izenekoa izan da, haurrekin sormen tailer desberdinak egin ditut Azkoitian". Horrez gain, senarra eta biak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere aritu ziren bi urtez lanean, haurrei eskulan tailerrak ematen. Hala ere, irakasle lanak "tartekako lanak" izaten dira, azkoitiarraren hitzetan.

Marrazkigintzak Romeroren bizitzan pisu handia izan badu ere, bere helburuak urteen poderioz aldatzen joan dira: "Ikasketak amaitu nituenean, nahi batzuk nituen, eta urteak igaro ahala, aldatu egin dira horiek; batzuk gauzatu ditut, eta besteak, ez". Ez da lorpen handien bila aritu azkoitiarra, baina marrazkigintzak "bizitzari zentzua" emateaz gain, berari "indarra eta bizipoza" ere ematen dizkiola argi dauka.

Dena den, marrazkigintzan aritzea "ez da erraza", haren arabera: "Asko mugitu behar duzu gizartean eragile gisan aritu nahi baldin baduzu". Gainera, "gauzak egiteko modu eta pertsonalitate jakin bat" izatea beharrezkotzat jo ditu Romerok. Egin duen ibilbidean, ordea, hori lortzea zaila egin zaiola azpimarratu du: "Herrian bizitza eginda duzunean, zaila da mugitzen hastea". Hala ere, munduan zehar mugituz gero, batera eta bestera ibiliz gero, alternatibak ugariagoak izaten dira, haren ustez.

Sabrina Romero. (Naia Arrizabalaga)

Ezinbesteko ekintza

Egunerokotasunean, marraztea "ezinbesteko ekintza" da Romerorentzat: "Beti darabilkit buruan orri zuri bat betetzeko nahia". Arlo pertsonalean ere, pisu handia du arte espresio horrek. "Neure burua ezagutzeko eta munduarekin harremantzeko bide bat da marraztea", azaldu du. Hala ere, etenaldiak egin beharra izaten duela azpimarratu du: "Denboraldiak egiten ditut ezer marraztu gabe, eta etenaldi horietan neure buruarekin deskonektatu egiten dudala ohartzen naiz". Proiekturen bat eskuetan duenean, ordea, "buru-belarri" aritzen da horretan.

Romeroren arabera, inspiratzeko iturri ugari daude inguruan, uneoro, "beti dago arreta pizten duen zerbait". Marrazteko orduan, ezinbestekoak izaten ditu hark errotuladoreak, tintak, arkatzak, paper mota desberdinak zein akuarelak, baina azkoitiarrarentzat musika ere "ezinbestekoa" izaten da sortzerakoan. Bide horretan, erreferenteek pisu handia dutela azpimarratu du: "Lanak geuk egindakoak badira ere, lanak erreferentzien bidez osatzen dira; puzzleak dira, hein batean". Eta erreferente gehienak "ingurukoak" dituela esan du Romerok.

Ilustrazioan aritzen da gehienbat, baina kartelgintza zein collageak ere lantzen ditu. Kartelgintzak, esaterako, betidanik "asko erakarri" izan duela esan du, eta esparru horrek "plazer handia" eman izan dio sortzaileri. Kartelak osatzerakoan, egileak buruan duen ideia islatzea izaten da gakoa, eta horrez gain, hark "zehatza" izaten jakin egin behar dela azpimarratu du. Teknikari dagokionez, marrazkietatik abiatu ohi da kartelak egiteko garaian, eta collageaz zein Photoshopaz ere baliatu izan da.

Proiektuetan buru-belarri

Azken urteetan, proiektu askotan aritu da Romero: "Batzuetan neu joan izan naiz proiektu jakin batzuen bila, eta beste batzuk, berriz, ingurukoen ahoetatik iritsi zaizkit". Proiektuetan behar bezala murgiltzeko, azkoitiarrak argi du "ziur egotea" eta "gogoz hartzea" funtsezko baldintzak direla.

Marrazkilariak Koldo Mitxelena kulturunearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bat jaso zuen 2009an, eta hainbat musikariren kolaborazioarekin gauzatu ahal izan zuen erronkatzat zuen proiektua: "Animazio lan bat zen, zeinetan marrazkiak bere horretan mantentzen ziren eta soinu banda aldatzen joaten zen". 2022an, berriz, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren Sormen Beka jaso zuen. Pertsonalki, lan horrek "asko" eman diola azpimarratu du Romerok. Izan ere, urtebetean buru-belarri aritu da proiektu horrekin lanean, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Hala ere, ez da hura Dinamoan landu duen proiektu bakarra; Gure Marrak proiektuan zein Txakur Gorria taldearen tailer batean ere parte hartu zuen azkoitiarrak, besteak beste. Azken lana, berriz, DA! liburuan egindako kolaborazioa izan da, irudi baten bitartez.

Romero marrazten, Matadei inguruan. (Naia Arrizabalaga)

Gaur egun, ez du proiektu handirik eskuen artean, baina etenaldi bat egin ostean, berriro ere marrazten ari da. Etorkizunera begira, bestalde, argi du zer egin nahiko lukeen: "Haurrentzako ilustrazioekin harremana duen liburuxka baten ale batzuk argitaratzea gustatuko litzaidake". Aspaldi, alabarentzat zenbait ipuin egin zituen, eta lan horiek argitara eramatea ere gustatuko litzaioke artistari. Halaber, ikasten jarraitzea nahi du, eta tailerrak ematea ere bai.

Herrian artista ugari

Herriko artistei erreparatuz gero, Romeroren arabera, "asko" dira marrazkigintzan lanean aritzen direnak; horietako asko, "isilean". Gorka Larrañaga eta Udane Juaristi aipatu ditu hark, horiek beren lanean "sinetsita" egindako lanak herrira ateratzeko "ahalmena" dutela esanda. Zentzu horretan, herriko artisten "ahalmena" azpimarratu du hark, eta esan du gustatuko litzaiokeela artista gehiagok bide beretik jotzea. Bestalde, herriko artistek elkarren lanen berri baldin badute ere, "harreman handirik ez" dutela aitortu du, eta gainera, "errekonozimendu falta" ere sumatzen duela dio marrazkilariak.

Matadeixen sorturiko Urssy Baterna taldea "oraindik bizirik" dagoela ere azaldu du Romerok. Leire Arenasek, Alots Arregik eta Romerok berak osatzen dute Matadeiko ekintzak iragartzeko kartelgintzara bideratutako taldea, egitasmoaren "sostengu" izateko asmoz.

Motzean

  • Adina: 46 urte.
  • Ikasketak: Arte Ederrak
  • Lanbidea: Marrazkilaria
  • Marrazkilaria ez banintz… argazkilaria izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… pasiera bat ematea gustatzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide