Mendea gainean, sasoia soinean

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 22a, 09:15
Aldazabal, Alberdi eta Azpitarte, elkarrekin. (Arnaitz Rubio)

Jabier Azpitarte Imuntzori hilabete batzuk besterik ez zaizkio falta 103 urte betetzeko, Maite Aldazabal Galok mendea bete du aurten, eta Gloria Alberdi Metxa datorren urtean iritsiko da urtemuga borobil horretara. Oraindik ere burua argi eta ibilera arina dute hirurek, eta kafe baten bueltan, umetako eta gaztetako oroitzapenei hautsak kendu eta horiek Maxixatzeni kontatzeko tartetxoa hartu dute.

Duela ehun urte jaiotakoentzat, benetako erronka zen 50 urteen langa gainditzea. Baziren gehiagorekin hiltzen zirenak, baina baita gazte askorik joaten zirenak ere. Hamarkada gutxitan, euskal herritarren bizi itxaropena nabarmen luzatu da, eta gaur egun, Euskal Herriko bizi itxaropena Europako zein munduko handienetakoa da. Orain jaiotzen diren emakumeak batez beste 86 ur te biziko dira, eta gizonak, 81 urte inguru. Ehun urteak harrapatzea, ordea, beste kontu bat da. Hori ez dago edonoren eskura, ez lehen eta ez orain. Baina Azkoitian badira estatistikak birrinduta mendeari gain hartu dioten herritarrak; nola hartu, gainera. Jabier Azpitarte Imuntzo da horietako bat. Iazko azaroan 102 ur te beteta, ondo irabazia du azkoitiarrik zaharrenaren titulua, eta hala delako, adinekoen ordezkari bezala iazko andremarietan txupinazoa botatzeko aukera eman zion udalak. Ondo bidean, 103 urte beteko ditu aurten. Mendeari gain hartu dion beste azkoitiarra Maite Aldazabal Galo da; hark otsailean bete zituen 100 urte. Eta badira ehun urtera ailegatzeko hilabete batzuk besterik falta ez zaizkien beste batzuk ere; horietako bat da Gloria Alberdi Metxa. Zer kontatua izango dutela iritzita, kafe baten bueltan elkartzeko gonbidapena egin die Maxixatzenek, eta hiruek eman dute baiezkoa, asko pentsatu beharrik gabe.

Jausoroko kafetegira ordurako eta apain azaldu dira hirurak, alaba banak lagunduta, eta a zer poza hartu duten elkar ikusi dutenean. Aurretik ezagutzen zuten elkar, umetatik, baina urte mordoa zeramaten elkarrekin aurrez aurre egon gabe. Buruz argi daude hirurak, eta segituan hasi dira oroitzapenei hautsak kentzen. Aldazabalek eta Alberdik ondo gogoan dute elkarrekin zenbat jolas egin zuten umetan, Goikokalen, sokasaltoan eta. Azpitartek, berriz, kuadrillakoa zuen Alberdiren anaietako bat, Juanito, eta biek ala biek oroitu dute nola alde egin zuen hark Argentinara.

Bizkargi Dorrean jaio zen Azpitarte 1920an, eta bera izan zen zazpi anai-arrebetan zaharrena. Aita Imuntzo baserrikoa eta ama Agerreberrikoa zituen; beraz, aitagandik datorkio ezizena. Kalean bizi arren, baserri baten antzeko etxea zela dio, ez zutela ez ur korronterik, ezta komunik ere, justu-justu bonbilla bat izaten zutela sukaldean, argi askorik egiten ez zuena.

Gloria Alberdi 'Metxa', Maite Aldazabal 'Galo' eta Jabier Azpitarte 'Imuntzo'. (Arnaitz Rubio)

Aldazabal Plazaberrin jaio zen, 1923an. Ama Axiri baserrikoa zuen, eta aita Mendarotik etorria. Zortzi seme-alaba izan zituzten haiek eta horietako bat zen Maite. Bizimodu oso pobrea izan zutela dio, bai ezkondu aurretik, baita gero ere. Joxe Gogorza Galorekin ezkondu zen Aldazabal, eta lau seme-alaba izan zituzten, nahiz eta bat ume-umetan hil zitzaien. Senarraren ezizena hartu zuen Adazabalek, eta Maite Galo bezala ezagutzen dute herrian.

Alberdi, berriz, Goikokalen jaio zen, 1924an. Bederatzi anai-arreben artean bigarren gazteena zen Gloria; gaur egun bizi den bakarra da. Manuel Larramendi Metxarekin ezkondu zen eta alaba bakarra izan zuten: Gloria. Alberdik ere senarraren ezizena hartu zuen eta Metxaneko Gloria gisa ezagutzen dute herrian.

Mendea gainean izan arren, buruz argi eta ibileraz arin daude hirurak. Bastoi baten laguntza aski du Alberdik, bi bastoirekin erosoago ibiltzen da Azpitarte, eta taka-taka batekin seguruago sentitzen da Aldazabal, baina, gainontzean, ez dute aparteko laguntzarik behar. Aldazabal eta Azpitarte alabetako batekin eta haren familiarekin bizi dira azken urteetan; Alberdi, aldiz, bakarrik bizi da, laguntzaile baten eta alabaren bisita egunero izaten dituen arren.

Ehun urtera eta gainera sasoi horretan iristeko sekretuaz galdetuta, "lana galanki egitea" azkar asko erantzun du Azpitartek; "eta burua lantzea ere bai, nik behintzat asko irakurri izan dut beti, eta burua argi izan dut". Beste biek ere lan asko egindakoak direla ziurtatu dute, eta gainerakoan, "sano-sanoak izan denak", esan du Alberdik; "bai, orain aldean sanoak", erantsi du Aldazabalek. Adibidez, Azpitarteri beti gustatu izan zaio ibiltzea: "Gaztetan mendira joaten ginen asko, eta oraindik ere egunero egiten dut bueltatxoa. Aurrena mezetara joaten naiz, eta handik irtendakoan, oinez ibiltzera".

Ohitura osasungarriez aparte, genetika oso ona izan dute hirurek. Azpitarte behin bakarrik egon da erietxean ingresatuta. "Takikardia izan nuen, bihotza azkarregi hasi zitzaidan, baina ospitalera ailegatu nintzenerako lasaitu egin zen". Bi egun pasatu zituen ospitalean, bizitza guztiko bi egun bakarrak. Sekula ez diote ebakuntzarik edo antzekorik egin Azpitarteri, eta ezta Alberdiri ere. Aldazabali, berriz, heste sobrea kendu zioten aspaldi, ezkondu aurretik, baina besterik ez.

Jabier Azpitartek 102 urte ditu. (Arnaitz Rubio)

Jabier Azpitarte:

"Burua lantzea garrantzitsua da, asko irakurri izan dut beti eta burua argi izan dut"

Gogorrena, gerra

Ehun urteotan bizi izan dituzten momenturik gogorrenak zeintzuk izan diren galdetuta, "gerra" erantzun dute hirurek, inolako dudarik gabe. 12 urte zituen Alberdik, baina, hala ere, nahi lukeena baino gehiago akordatzen da ordukoez. "Garai oso gogorra izan zen, pasatu ez duenak ezin du irudikatu hura zer zen, baina gu bizitza guztirako markatuta utzi gintuen". Baietz dio Aldazabalek: "Gu biok batera ginen gerra garaiko istorio haietan. Hango zirti-zarta haiek; horiek sekula ez dira ahazten. Beldur eta nahigabe handiko garaiak izan ziren. Egun batean entzuten genuen bat eraman zutela, hurrengoan bestea… Ezagunak tokatzen zirenean a zer nahigabea hartzen genuena, eta zoritxarrez, asko izan ziren horrelako egunak".

Azpitarte gerran ez zen ibili, baina bai gerrarako prestatzen. 18 urterekin joan zen soldadutzara, eta bost urte egin zituen han. "Lehendabizi hiru urte eta erdi egin nituen. Neure ustetan lizentziatuta itzuli nintzen etxera, baina handik lau hilabetetara berriz deitu zidaten, Afrikan ingelesen eta frantsesen lehorreratzea egon zelako, eta beste urte eta erdi egin behar izan nituen. Errepideak egiten aritzen ginen; Lezotik Lesakarako bidea egiten jardun genuen".

Maite Aldazabalek otsailean bete zituen 100 urte. (Arnaitz Rubio)

Maite Aldazabal:

"Neska bat hamabietan erretiratzea ikaragarria zen; a ze errieta egin zidana aitak"

Gerrari lotutako pasadizo bat bitxi bat kontatu du Azpitartek, hiru urte lehenago, 1933an, izan zen izar aldaketarena. "Ordubetean zortzi mila izar pasatzen ikusi genituen. Ikusi ez zuenak ezin sinestekoa da. Herri osoa gora begira egon zen. Orduko zaharrek esaten zuten horrek gerra ekartzen zuela, abisu bat zela, eta ez hala zelako, baina handik hiru urtera Gerra Zibila etorri zen". Alberdiri eta Aldazabali galdetu die izar aldaketaz gogoratzen diren, baina haiek ezetz.

Garai alaiagoak

Gerra bukatuta, bestelako garaiak etorri ziren herrira. Alberdik eta Aldazabalek gustuko zuten kalean ibiltzea eta ahal zutenean lagunekin planak egitea. Bero egiten zuenean Altzibarko presara bainatzera joaten hasi zirela kontatu du Alberdik: "Gerra akabatuta zegoen ordurako eta Rosarito lagunarekin hasi nintzen presara joaten. Gogoan dut nola gona edo soineko zaharra jantzita joaten ginen bainatzera. Artean ia inor ez zen ibiltzen, baina egun batean, arropak aldatzen hasi eta han ikusi genituen hiru mutilzahar guri begira". Beste batean, itolarrian zegoen gizonezko bat uretatik ere atera zuen Alberdik, hantxe, Altzibarko presan. "Larri zebilela ikusi nuen eta laguntzera joan nintzaion. Eskua luzatu zidan eta luma balitz bezala atera nuen. Harrezkero, kalean topatu izan dudan guztietan etorri izan zait eskerrak ematera, bizitza salbatu niola eta. Nonbait, hark ez zekien igerian, eta nik, berriz, neure kasa ikasitakoa, baina nahiko ondo moldatzen nintzen, eta egun hartan balio izan zidan hari laguntzeko".

Presara ez ezik, hondartzara ere joaten ziren Alberdi eta haren lagunak, eta Aldazabal ere joandakoa da noiz edo noiz. Debako hondartzara joaten ziren, oinez. "Aittola Zaharrera igo, handik Itziarrera irten eta gero Debara. 05:00etan abiatuta joaten ginen; joan nahiko erraz egiten ginen, baina gero etortzen lanak".

Oroitzapen politen artean, mutilekin izandako lehen hartu-emanak aipatu ditu Aldazabalek. "Mutilak batzuetan etortzen zitzaizkigun, eta beste batzuetan ez. Kalean ibiltzen ginen gora eta behera, zein mutil etorriko, beti zain". Albotik barre egin du Alberdik, hark ere zerbait badakienaren seinale. "Gu sekula ez ginen arrimatzen, beti zain, baina gugana etorri ordez beste norbaitengana joaten baziren, ederra atsekabea".

Gloria Alberdiri hilabete batzuk falta zaizkio 100 urte betetzeko. (Arnaitz Rubio)

Gloria Alberdi:

"Garai hartan dena zen debekua eta bekatua, eta halaxe egoten zen konfesionarioa"

Hiru neska Aizarnazabalgo Ibañarrietara auzora joan zirenekoa kontatu du Aldazabalek. "Autobusa hartuta joan ginen, baina gogoan dut autobusak kaminbarrenean laga gintuela, eta handik Ibañarrietara aldapa galanta igo behar izan genuela. Festa eguna zen eta gustura joan ginen hiru neska. Musika zegoen, jendea dantzan ari zen, eta gu, hantxe, pareta bazterrean, baten bat etortzeko zain. Bada, halaxe pasatu genuen arratsalde osoa, arratsalde guztian inork ez baitzigun begiratu ere egin, eta atzera berriz etxera. Joanda bezala, autobusez bueltatzea asmoa geneukan, baina hanka egin zigun, eta gauerdian ailegatu ginen etxera; a zer errieta egin zidana gure aita zenak. Garai hartan neska bat hamabietan erretiratzea ikaragarria zen, ez gaur bezala. Mutilak noiz etxeratzen ziren ez zuen axola, baina neskek ez zeukaten ordu horietan kalean ibiltzerik". Arrazoia eman dio Alberdik: "Kalean berandu ibiltzea debekatuta zegoen, mutilekin ibiltzea ere bai, garai hartan dena zen debekua eta bekatua, eta halaxe egoten zen konfesionarioa, beti sekulako jende ilararekin".

Formalxeagoa zen Azpitarte, berak kontatu duenaren arabera behintzat. Mendira joatea-eta gustatzen zitzaion, baina erromeriara gutxi. "Urtean behin joaten nintzen Itziarrera, eta hara ere etxean lagatzen zidatenean. Gogorra zen gure aita, eta etxetik irteterako lan guztiak eginda utzi behar izaten nituen".

Lanari beldurrik ez

Ehun urteotan makina bat lan egindakoak dira hiru protagonistak, baina lanari sekula ez diote izan beldurrik. Alberdi eta Aldazabal Miserikordian ibili ziren eskolan, mojekin; lehendabizi sor Mikaelarekin eta gero sor Felisarekin. "Zittel-zittelak" zirela ziurtatu dute. Liburu bakarra izaten zutela esan dute, eta batez ere matematikako oinarrizko kontuak ikasi zituztela, "baina askorik ez". 11-12 urterekin umezain joan zen Aldazabal, eta Alberdik ere hamar bat urte egin zituen Donostian, anaia baten etxean, hari laguntzen.

Azpitarte ere Miserikordian hasi zen eskolan 3 urte zituela, eta handik La Salleko fraideen eskolara joan zen, Floreagara. Gerora, fraide horiek Floreagatik bidali egin zituzten, eta gogoan du Julio Urkixon, Guardia kalean eta eliza atzeko kantzelean banatuta, gurasoek kudeatzen zituzten gela batzuetan jasotzen zituztela eskolak. 14 urterekin, ikasketak bukatuta, Bilboko La Salleko fraideen eskolara joan zen morroi, eta urte eta erdi inguru egin zituen han.

Azkoitira bueltan, makina bat abarketa egitea egokitu zitzaien Aldazabali eta Alberdiri. Aldazabalek kontatu duenez, ezkondu aurretik emakumeek etxetik kanpo lan egitea normala zein, baina behin ezkonduta, etxetik kanpoko lana utzi egin ohi zuten familiaren ardura hartzeko. "Lau ume izan nituen eta haien zein etxearen kargu ni egiten nintzen, baina gizonak ez zuen gehiegi irabazten, eta etxetik kanpoko lanarekin ere jarraitu egin behar izan nuen familia aurrera atera ahal izateko. Halaxe, erreportzaketan atera nuen bizimodua aurrera, ahal nuen moduan". Intsaustiko fabrikan ibili zen lanean. "Abarketentzat trentzak egiten genituen han, baina zorua eta oihala josten ere ibilia naiz. Etxera ekartzen genuen lana, etxean egiten genuen, eta gero fabrikan entregatu. Bizitza guztia abarketak egiten pasatu dut".

Alberdik ezkondu arte jarraitu zuen etxetik kanpoko lanarekin. "Garai hartarako oso berandu ezkondu nintzen, 36 urterekin, eta 40 urterekin izan nuen alaba. Hortik aurrera, etxea eta familia zaintzea izan ziren nire lanak".

Azpitarte, berriz, era askotako lanak egindakoa da. Bere amak etxean abarketak josten zituen, eta 10 urterekin hasi zen hari laguntzen. 1941ean, haien aitak etxe alboko lursail bat alokatu zuen, eta aitzurrean-eta lan asko egin behar izan zuela dio etxean goserik pasatu ez zezaten. 1948-1949 inguruan, berriz, Alaska izeneko izotz lantegia zabaldu zuten Guardia kalean, Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan, eta han hasi zen. Hamabi orduan egiten zen izotza, eta hura zaintzen egoten zen bitartean, liburuak irakurtzen egoten zen Azpitarte.

Gerora, etxe ondoko Alberdi lantegian abarketentzako gaiak egiten jardun zuen Imuntzok. Kotoizko oihalak eta zakuak egiten zituzten han. 1968an erre egin zen lantegia, eta handik aurrera altzariak egiteari ekin zion, eta beren egur lantegia ere sortu zuten: Gurola. Han hartu zuen erretiroa Azpitartek, 62 urte eta erdirekin.

Irratiak konpontzen ere trebea zen Azpitarte. Alberdi lantegia erre zenean, irrati eta telebistaren gaineko ikastaro bat egin zuen Azpitartek. Ordurako irratiak muntatzeko beste ikastaro bat ere egina zuen, 16 urterekin. "Betidanik gustatu izan zait irratiak muntatzea eta konpontzea; neure kasa ikasi nuen. Lan asko eta diru gutxi lortzen nuen, baina gustuko nuen". 1958an, Baztartxo zinema aretoa eraiki zutenean, bera izan zen lehenengoa filmak botatzen. Hamahiru urte inguru egin zituen han. Lan horretan aritu zen Alberdi lantegian lan egiten zuen bitartean; bi lanak uztartzen zituen.

Alberdi lantegia aipatuta, han pasatutako estualdia etorri zaio burura Azpitarteri, 1953ko uholdea izan zenean. "Handia izan zen", gogoratu du. "Euria hasi zen; ez zuen zaparrada handirik egin, baina etenik gabe jarraitzen zuen euriak. Ibaiak gora zetorrela eta, lantegiko materiala gora jasotzen jardun genuen, urak ez harrapatzeko. Azkenean, lantegi barruraino sartu zen ura, eta etxera joan ezinda geratu ginen urak harrapatuta. Han igaro genuen gau osoa, beldurrez. Urak baretu zirenean irten ginen, eta esan ziguten autobusean itota hogei hildako izan zirela Iraetan, haietako bost azkoitiarrak ziren".

Mendea gainean izanagatik, bizitzeko gogorik eta ilusiorik ez zaie falta hirurei. Eskatzen duten bakarra da gelditzen zaizkien urteak osasunez ondo pasatzea. Egungo gazteentzat, berriz, mezu bakarra: arazoak arazo, beti aurrera egin dezatela eta pertsona onak izaten saia daitezela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide