Itzarri

Ane Olaizola 2023ko abu. 5a, 10:00

Ane Olaizola kazetariak uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Itzarri.

Kanpoan ilun da oraindik, eta behar baino lehenago, zerbaiten hotsak esnarazi nau, burrunba baxu baina gogaikarri batek. Azkura edo kilima, ez dakit zer den besoan sentitzen dudana, eta asaldazioz kolpatu nahi dut ukitu nauena. Isiltasuna. Eskerrak. Begiak itxi, eta oharkabean buruak berriz ihes egin dit loaren mundu goxora... bzzzzzzzzz, belarri ondoan entzun dudanera arte. Gorputza astindu, izara azpian sartu eta mila saiakera eginda ere, etenik gabe segitzen du bibrazio apal baina ernegagarriak. Azalari itsatsita jarraitzen du eltxoak, ezer baino egoskorrago, eta azkenean, itzartu beste erremediorik ez dut.

Jaiki naiz, baina ez suerte onean. Gaur ere tanketarik ez mahai gainean dudan kafesnean, baina neure buruari galdetu diot bakea ala gerra izango dugun aurrean dugun egunean. Oraingoz behintzat, arimarik ez inguruan; bai, ordea, oihalez betetako mendi bat zokoan. Iritsi da ordua zimurtutako arropen tontorra begi bistatik kentzeko, eta gogo txarrez, hasi naiz guztia bi besoekin altxatzen: galtzerdia, lurrera. Makurtu, eta behatz puntekin ozta-ozta eutsi diot. Musuzapia, behera. Beste eskuarekin hartu, eta oraingoan eskuoihala da erori dena. Horrela, behin eta berriz, nekea, bere zentzurik zabalenean, gailentzen den arte. Horixe bizitzaren errepresentazio grafikoa.

Ipotx sentitzen direnek gogora dezatela lo egiten uzten ez duen izaki ñimiño bat badela

Badira zenbait egun hobe zenukeenak ohean gotortu mundutik ihesi; eltxoak zure azalera bezala, izarara bat egin eta begiak itxi. Saiatuta ere, ezin ezkuta dezakegu gainean dugun nekea, ekintzetan ez ezik, aldartean ere antzematen zaiguna. Izan ere, besteei men egin beharraren beharraz, hainbatetan uko egin behar geure buruari: batzuetan, mareak naraman lekura eramanda, eta besteetan, korrontearen kontra igeri.

Handien munduak sentiarazten gaitu txiki, eta horrek zalantzan jartzen du gure hitzek eta ekintzek har dezaketen bidea sarri; ahots beheran galdetzen dugu alferrikakoak ez ote diren egunero egin beharreko pausoak. Erraldoien espazioan ipotx sentitzen direnek, ordea, gogora dezatela, gauetan lo egiten uzten ez duen izaki ñimiño bat badela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide