Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalak amaitutzat eman du bere ibilbidea

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 19a, 15:03
Bizenta Mogel elkarteak antolatutako hitzaldi bateko irudia. (Artxiboa)

Emakume helduen formakuntzan eragiteko asmoz sortu zen Bizenta Mogel elkartea 1990. urtean. Harrezkero, arlo desberdinak ukitzeko saioak, hitzaldiak eta irteerak antolatu dituzte.

Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalak amaitutzat eman du bere ibilbidea. 1990. urtean sortu zen emakume talde bat, helduen formakuntzan eragiteko asmoz. Garai hartan, bazen bailarako emakumeez osatutako talde bat, baina Bizenta Mogel elkarteak Azkoitia hartu zuen ardatz, Azkoitira eta azkoitiarrei begira talde bat osatzeko eta lanean hasteko.

Arlo desberdinak ukitu nahian, herritar guztiei zuzendutako gaiez hitz egin dute saioetan, hala nola osasuna, drogak, ingurugiroa, bizikidetza, sukaldaritza, formakuntza, espiritualitatea, familia, legediaren gaurkotzea, kultura eta erlijioa. Horren gain, hainbat ibilaldi egin izan dituzte Euskal Herri osoan zehar.

Bizenta Mogel izena jarri zioten elkarteari, azkoitiar hura izan baitzen euskaraz idatzi zuen lehen emakumea. Irakurtzen eta idazten ia inork ez zekien garaian izan zen Mogel idazlea eta irakaslea. Gainera, ezkondu ondoren ere lanean jarraitu zuen, hain justu, Bizkaiko Foru Aldundian. Elkartea orain arteko bidelagun guztiei zuzendu zaie: "Mila-mila esker gure bidelagun izan zareten guztioi, bihotzez".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide