Parke estaliko kulunka laugarrenez puskatu izana salatu dute udalak eta Marea Urdinak

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 19a, 10:45
Kulunka pitzatuta. (Azkoitiko Udala)

Aniztasun funtzionala duten haurrentzat egokitutako kulunka inklusibo bakarra da hautsi dutena, eta haren konponketa gastua "esanguratsua" dela esan du udalak. Udalak eta Marea Urdinak kulunka puskatu izana "gaitzetsi" dute eta espazio eta zerbitzu komunetan "gizalegez eta errespetuz" jokatzeko eskatu du.

Parke estaliko kulunka laugarren aldiz txikituta agertu dela salatu dute Azkoitiko Udalak eta Marea Urdinak. Aniztasun funtzionala duten haurrentzat egokitutako kulunka inklusibo bakarra da hautsi dutena, eta ondorioz, udalak azaldu duenez, kaltea "are mingarriagoa" da.

Erabilera desegokiagatik puskatzen da kulunka, udalak azaldu duenez, eta aldiroko konponketa gastua "esanguratsua" dela adierazi du; izan ere, mila euro inguruko kostua dute konponketek. Udalak eta Marea Urdinak kulunka puskatu izana "gaitzetsi" dute eta espazio eta zerbitzu komunetan "gizalegez eta errespetuz" jokatzeko eskatu du.

"Errespeta eta berma dezagun haurrek jolaserako duten eskubidea. Ez da onargarria batzuek kulunka modu traketsean eta desegokian erabiltzeagatik, benetan jolaserako behar dutenak parkeaz gozatzeko aukerarik gabe uztea", azaldu du Ana Azkoitia alkateak.

Gainera, erakundeak jakinarazi duenez, kulunka puskatzeaz gain, parkeko lurzoruko esferak ere falta dira duela egun batzuetatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide