Bisita gidatuen denboraldia martxan da

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 15a, 12:33
Gaurko bisitan parte hartu dutenak, Plazaberrin. (Azkoitiko Udala)

Mudejar artearen ibilbidea: Azkoitia, Loiola, Azpeitia bisitaren lehen saioa egin dute goizean, gaztelaniaz. Ibilbide bera egiteko aukera izango da bihar, euskaraz.

Iraurgi Berritzenek Urola Turismoaren bidez uztailerako eta abuzturako prestatu duen bisita gidatuen egitarauaren barruko Azkoitiko lehen hitzorduak asteburu honetan gauzatuko dira.

Hain zuzen ere, Mudejar artearen ibilbidea: Azkoitia, Loiola, Azpeitia bisitarekin hasi da denboraldia Azkoitian. Gaur egin dute lehen saioa, gaztelaniazkoa, 11:00etan parrokia ataritik abiatuta. Bihar, ordu berean eta toki berean hasita, ibilbide bera egiteko aukera izango da, euskarazko azalpenekin.

Dena den, biharkoan zein aurrerantzeko bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta, 688 75 94 29 telefonora Whatsapp mezu bat bidalita edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide