Festarik beltzetan beltzena

Andoni Elduaien - Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 14a, 11:41

Areto futboleko Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte gaur, eta bihar izango da finala, Beltzen Egunean. Finalaren osterako, egun osoko jai egitaraua prestatu dute. Iñigo Soraluze eta Urtzi Odriozola dira antolatzaileetako bi, eta festa egunaren atarian, txapelketaren nondik norakoak izan dituzte hizpide. 

Gutxi izango dira mundu zabalean beltz kolorea festarako aukeratzen duten herriak. Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak, baina, bere taldearen koloreak oinarri hartuta, Beltzen Eguna ospatuko du bihar bigarren urtez. Duela lau aste ekin zioten bihar final nagusiarekin amaituko duten Tta-kun AFE Zaleen Txapelketari. Areto futbol taldeko ordezkariek apirilean hasi zituzten aurtengo festa prestatzeko lanak. Hain justu, Iñigo Soraluze (Azkoitia, 1997) eta Urtzi Odriozola (Azkoitia, 1998) dira antolatzaileetako bi, eta urtean zehar haien partidak ikustera joaten ziren "herritarrei zerbait itzultzeko asmoz" hasi ziren burua nekatzen. "Anaitasuna futbol taldeak-eta klubaren eguna egiten dutela ikusita, pentsatu genuen guk ere antola genezakeela gure egun bat. Dena den, egun hori taldekideok bakarrik egin beharrean, zaleekin batera ospatzea erabaki genuen", azaldu du Soraluzek.

Iaz egin zuten txapelketa aurrenekoz, eta "oso ondo" atera zitzaien. "Espero baino erantzun hobea jaso genuen. Ikusi genuen aurreko urtean zer-nolako indarra hartu zuen kontuak, eguna zeinen ondo joan zen, eta  aurten jarraipena eman diogu, berrikuntzak gehituta".

Uda da, jendeak oporrei edo eguraldiari inoiz baino gehiago erreparatzen dien sasoia, eta horregatik, txapelketa eta eguna antolatzeak denbora kentzen die Tta-kun taldeko kideei. "Hau guztia antolatzea lana da, batez ere, uda delako; izan ere, jendea oporretan ez badago, lanean dago. Nahikoa zorte izaten ari gara eguraldi aldetik, ez baita ari egiten egun eguzkitsu askorik".

Gainera, txapelketan aritzeko izen emate kopurua bikoiztu egin da aurten iazkoarekin alderatuta; 300 lagunek parte hartu dute aurten, 33 taldetan banatuta. Horrek lanak bikoiztu eta zaildu egin dizkie antolatzaileei: "Horrenbeste lagunek izena emanda, zailagoa da guztiak bat egitea. Zentzu horretan, gehiago kostatu zaigu antolatzea. Aurten, mugak jarri dizkiegu taldeei, eta horrela, ezin izan dute izena emandako zortzi taldekideez gain beste inor taldera batu". Hala eta guztiz ere, pozik daude bi lagunak. "Jendeak nola erantzun eta eskertu duen ikusita, eramangarriagoa egin zaigu txapelketaren antolaketa. Gustura gaude finalaren atarian guztia nola atera den ikusita", adierazi du hark.

Jokoa eta jolasa

Azkoitikoa ez da areto futbol txapelketa soil bat; izan ere, partidak ikustera joan denak badaki neurketetan taldeek kartekin eta dadoekin ere jolas egiten dutela. Kings League futbol txapelketatik hartu dute ideia: "Gure txapelketari zer aldaketa egin geniezaiokeen pentsatzen hasi ginen. Saltseroak gara guztiok, eta ikusi genuen bagenuela gehiago eskaintzeko modua; jendeak hobeto pasa dezan, beste puntu bat eskaintzea erabaki dugu aurten", dio Soraluzek.

Modu horretan, txapelketa "entretenigarriagoa" egin dutela adierazi du Odriozolak. Hark eman ditu karten eta dadoen inguruko azalpenak: "Partidaren hasieran, talde bakoitzak karta bat aukeratzen du ausaz, eta hori nahi dutenean erabiltzeko aukera dute. Horrez gain, lehen zatiaren hemezortzigarren minutuan dado bat botatzen da harmailetatik, eta ateratzen den zenbakiaren arabera, talde bakoitzak ordezkari kopuru hori kantxaratu behar du; adibidez, bi zenbakia ateratzen den kasuetan, bi lagunek beste biren aurka jokatu behar izan dute lehen zatia amaitu arte". Horrez gain, hiru karta daude entrenatzaileei zuzenduta, horiek beren taldeei lagun diezaieten: entrenatzailearen penaltia, kapitainaren penaltia eta penalti bikoitza. Horrela, areto futbolaren "esentziari eutsi" nahi izan diote, aldi berean, "ikuskizunerako zerbait dibertigarria" sartuz.

Hain justu, beste berrikuntzetako bat izan da entrenatzaileena; izan ere, talde bakoitzak bere entrenatzailearekin eman behar izan du izena. Hala azaldu du Odriozolak: "Entrenatzaileen rolak kontuari saltsa eman ziezaiokeela pentsatu genuen, edota futbolean jokatzea nahi ez zuenak ere txapelketan parte hartzeko aukera izan zezakeela. Txapelketa hazi egin da".

Fitxaketen iturri

Areto futbol taldeko kideek beste ikuspegi batetik jarraitu dute txapelketa, eta Elkarguneko kantxan egon diren uneak baliatu dituzte beste jokalari batzuk ikusteko. Odriozolak dio areto futbola «berria» dela jendearentzat. «Txapelketa honetatik kanpo ez dute askotan areto futbolean jokatzeko aukerarik izan. Dena den, Azkoitian futbolari onak daude, eta maila handia dago gazteen artean; txapelketan parte hartu duten gazte taldeek ondo erakutsi dute zer maila duten».

Hala baieztatu du Soraluzek ere, eta jakinarazi du txapelketan parte hartu duten hiru lagun Tta-kun taldeko kide berriak izango direla datorren denboralditik aurrera; dena den, ez dute horien izenik eman nahi izan oraingoz. «Jokatzeko gogoa erakutsi dute, eta taldekideei ere gustatu zaie haiek eman duten maila. Eskaintza egin diegu, eta onartu egin dute». Halere, datorren denboraldia urrun ikusten dute oraindik taldeko ordezkariek; txapelketaz eta biharko festa beltzaz gozatu nahi dute aurrena, izango baita zer ikusia eta zertaz gozatua.
 

Egitaraua

Bihar, larunbata: 

  • 10:00. Afizioak hautatutako taldeen arteko finala, Elkargunean. Zaleek final nagusira iritsi ez diren bi talde hautatuko dituzte finala jokatzeko.
  • 10:45. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren final nagusia, Elkargunean.
  • 12:00. Triki-bertso poteoa herriko kaleetan zehar, Naia Arrizabalaga eta Jon Gurrutxaga bertsolariekin.
  • 14:30. Txapelketan parte hartu duten lagunen arteko bazkaria, Berdura Plazan. 250 bat lagunek egingo dute bazkaria han.
  • Ondoren. Tta-kun areto futbol taldearen eta Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren sari banaketa ekitaldia, Plazaberrin.
  • 16:30etik 19:30era. Askotariko jolasak egingo dituzte Plazaberrin. Aldi berean, Albi, EE Arolur eta Murxi DJek girotuko dute Plazaberria.
  • 19:30. Elektrotxorongo elektrotxaranga, herriko kaleetan zehar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide