Berrikuntzaren Hazinnova ziurtagiriak banatu dituzte gaur

Nerea Uranga 2023ko uzt. 13a, 15:10

Gaur Hazinnova ziurtagiriaren banaketa ekitaldian parte hartu dutenak, Azpeitiko Basazabal jauregian. (Nerea Uranga)

Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak Urola Kostako, Goierriko eta Debagoieneko 37 enpresari ziurtagiria banatzeko ekitaldia egin du gaur, Azpeitiko Basozabal jauregian. Ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko. Azkoitiko Erlo Group eta Ibermach Special Machinery enpresek jaso dute ziurtagiria. Tartean, Urolako Komunikazio Taldeak jaso du ziurtagiria.

Enpresa berritzailearen Hazinnova ziurtagiria banatzeko ekitaldia egin dute gaur Azpeitiko Basazabal jauregian. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRIk eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatutako egitasmoa da, eta gaurko ekitaldian Urola Kosta eskualdeko, Goierriko eta Debagoienako 37 enpresek jaso dute.

Horietatik hamabost izan dira Urola Kosta eskualdean egoitza dutenak: Azpeitikoak dira Urolako Komunikazio Taldea, Diatec, Ormola, Inisa Automation, Landeta burdin lanak, Manipulados Aranburu, Mkcoin Worldwide eta Xabi mobiliario; Azkoitikoak, Erlo Taladros y Roscadoras eta Ibermach Special Machinery; Zumaiakoak, Ederto Grupo de Compras, Newteck eta Siliconas Silam; Gertariakoa, Elcano arrantzaleen kofradia; eta Zarauzkoa, Enrique Keller.


Gaurko Basazabaleko ekitaldia. (Nerea Uranga)

Ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko. Gaurko ekitaldian enpresetako ordezkariez gain, Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusiak, Gotzon Bernaola Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusiak eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak parte hartu dute.


Aitor Urzelai, Ana Azkoitia eta Gotzon Bernaola, gaur Basazabalen.

2022ko Hazinnova programaren deialdiari esker Urola Kosta eskualdeko, Goierriko eta Debagoienako enpresa txiki eta ertainek 45 proiektu osatu dituzte produktuetan, negozio prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edota finantzetan. Iazko Hazinnova programak 2.760.000 euroko aurrekontua izan zuen.

Gaurko ekitaldiaren bukaeran, berrikuntzako kasu praktikoak aurkeztu dituzte programan parte hartu duten enpresetako hiruk. Zulagailuak egiten dituen Azkoitiko Erlo Group enpresak merkatu berrietara egokitzeko gauzatu duen proiektua aurkeztu du, eta Zumaiako Siliconas Silam enpresak bere produkzio sistema hobetzeko egin duen lanaren berri eman du. Horiez gainera, Zaldibiako (Gipuzkoa) Euskaber kooperatibak kontsumitzaileen perfila aztertzeko proiektua landu du.

Aurtengo Hazinnova programan parte hartzeko epea zabalik dago, eta interesa duten enpresek urriaren 26a bitartean aurkeztu ditzakete laguntzen eskaerak. Aurtengoan, 2,7 milioi euroko aurrekontua izango du programak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide