Asteburuan egingo dute Urola Turismoak antolatutako Azkoitiko lehen bisita gidatua

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 12a, 08:50
Floreaga jauregia da mudejar artearen herriko adibideetako bat. (Artxiboa)

Mudejar artearen ibilbidea: Azkoitia, Loiola, Azpeitia izeneko bisita egingo dute herrian zehar larunbatean eta igandean. Izena eman ahal izateko, Urola Turismoarekin jarri behar da harremanetan.

Iraurgi Berritzen garapen agentziaren Urola Turismoa Turismo Sailak bisita gidatuak antolatu ditu uztailerako eta abuzturako. Loiola Bailara, historia eta paisaia bazterrak izenburupean, Azkoitiko nahiz Azpeitiko kultur ondarea, bailararen historia eta inguruko paisaia ardatz hartuta, herritarrei "kultur bizipena" eskainiko dituzte bisitek.

Hain justu, larunbatean eta igandean egingo dituzte aurreneko bisitak herrian. Mudejar artearen ibilbidea: Azkoitia, Loiola, Azpeitia izeneko bisita egingo dute herrian zehar. Larunbatean, hilak 15, gaztelaniaz eskainiko dute bisita, eta igandean, hilak 16, euskaraz. Bi egunetan Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren ataritik 11:00etan abiatuko dira parte hartzaileak. Bi orduz ibilbidea egingo dute herrian eta naturan zehar.

Ordea, bisitetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Horretarako, 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu, 688 75 94 29 telefonora whatsapp mezu bat bidali edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide