Iazko irabazleak bigarrenez txapeldun, Urrategi auzoko jaietako mus txapelketan

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 8a, 10:04

Urrategi auzoko jaiei ekiteko, mus txapelketa jokatu zuten atzo gauean auzoko elkartean, eta iazko irabazleek bigarrenez jarraian jantzi zuen txapela. Guztira, 34 bikotek parte hartu zuten txapelketan.

Atzo, ostirala, hasi zituzten jaiak Urrategi auzoan. XVI. Mus Txapelketa jokatu zuten auzoko elkartean, eta guztira, 34 bikotek parte hartu zuten. Iazko irabazleek, Pedrok eta Juanek, jantzi zuten atzo ere txapela, finalean Patxiri eta Pellori irabazi eta gero. Hirugarren sailkatu ziren Mikel eta Julen, eta laugarren, Dioni eta Txelin. 

Irabazleek, txapelaz gain, 300 euro eskuratu zituzten; bigarren sailkatuek 150 jaso zituzten; hirugarrenek Isidro erretegian bi lagunentzako afaria lortu zuten, eta azkenik, laugarren sailkatuek bi oilasko irabazi zituzten. 22:00etan hasi zuten txapelketa, eta 02:30 inguruan amaitu. Antolatzaileen arabera, "adin eta orotariko jende multzo jatorra" bertaratu zen atzo auzora, musean jokatzera eta txapelketaz gozatzera. 

Gaur, zapatua, jarraituko du festak Urrategi auzoan; izan ere, auzotarrek auzo bazkaria egingo dute elkartean. Bihar, igandea, izango da festa egun nagusia auzoan. Goiz-goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, besteak beste, mezak, bertso saioa, erromeria, herri kirolak eta haurrentzako jolasak. Hona hemen biharko egitaraua, osorik:

  • 09:00etan, meza.
  • 11:00etan, meza nagusia.
  • 12:30ean, Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak.
  • Ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariak.
  • 16:00etan, ume jolasak.
  • 17:00etan, Julen magoaren ikuskizuna.
  • 18:00etan, herri kirolak. Goenatxo III.ak eta Mikel Larrañagak, Udane Ostolazaren eta Julen Alberdi Txikia IV.aren aurkako proba konbinatua jokatuko dute.
  • Ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria.

(Argazkiak: Jose Luis Garate)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide