Garbiñe Muguruza tenislariak Txerloiko pistak bisitatuko ditu bihar

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 6a, 08:39
Txerloiko Garbiñe Muguruza tenis pista. (Andoni Elduaien)

17:00 inguruan bisitatuko du tenislariak bere izena hartu duen Txerloiko estalitako tenis pista. Ordu eta erdi inguruko bisita egingo du hark, eta haurrekin nahiz gaztetxoekin jolastuko du.

Garbiñe Muguruza tenislari ezagunak Azkoitiko Txerloiko tenis pistak bisitatuko ditu bihar. Hura tenis pistetara 17:00etan iritsiko dela aurreikusten dute. Ana Azkoitia alkateak egingo dio harrera, besteak beste, Roland Garros eta Wimbledon tenis txapelketetan txapeldun izandako tenislari ezagunari. Muguruzak bidelagun izango ditu Txerloia tenis klubeko ordezkariak, ikasleak eta kideak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenaren arabera, ordu eta erdi inguru iraungo du, gutxi gorabehera, Muguruzaren bisitak. Ongietorria egin ondoren, tenislariak bertaratzen diren haurrekin eta gaztetxoekin tenisean jolastuko du tenis pistetan bertan, ikasle guztiei bere ezagutzak irakasteko. Aurreikusitako jardueren artean daude, besteak beste, jolasak, galderentzat tartetxoa eta oparien zozketa.

Azkoitiarekin lotura

Joan zen urteko ekainean estreinatu zuten Txerloiko estalitako tenis pista, eta udalaren "hasierako ideia" zen pistaren inaugurazioan Garbiñe Muguruza bertan izatea. Erakundearen arabera, kirolariak proposamena "gogo handiz" hartu zuen, baina agenda arazoak tarteko, bisita atzeratzen joan da.

Muguruzaren biharko bisita kirol arlokoa bada ere, tenislariak badu nolabaiteko lotura Azkoitiko herriarekin. Javier Zubizarreta alkate ohiak egin zion gonbidapena tenislariari, hark bere aitaren jaioterria ezagutu zezan; izan ere, haren aita, Jose Antonio Muguruza, azkoitiarra da, San Martin auzoan jaiotakoa. 1978an joan zen hura Venezuelara bizitzera, eta han jaio zen haren alaba Garbiñe.

Udalak, gainera, Garbiñe Muguruza izena jarri dio Txerloiko estalitako pistari, eta tenislariaren irudiak ere ikus daitezke pistaren leihateetan dagoeneko. Kirol Merezimenduaren Espainiako Errege Ordenako urrezko domina jaso eta bi egunera bisitatuko du Garbiñe Muguruzak Azkoitia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide