Orion elkarteko Aimar Ansola, Munduko Arrantza Txapelketara

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 3a, 10:34

Aimar Ansola arrantzalea, arrantzan. (Utzitakoa)

Uztailaren 16tik 21era bitartean jokatuko dute txapelketa Bosnia eta Herzegovinako Buna ibaian nahiz Salakovac aintziran. Espainiako arrantza selekzioarekin arituko da azkoitiarra gazteen mailan.

Espainiako arrantza selekzioak Azkoitiko Orion elkarteko Aimar Ansola deitu du gazteen mailako salmonidoen euli-arrantzako Munduko Txapelketan aritzeko. Uztailaren 16tik 21era bitartean jokatuko dute txapelketa Bosnia eta Herzegovinako Buna ibaian nahiz Salakovac aintziran. Hilaren 16an txapelketaren irekiera ekitaldia izango da, eta hilaren 17tik 21era arrantza txapelketa jokatuko dute.

Buna ingurune natural bat da. Gune hori ezaguna da hark dituen ur garbiengatik eta euli-arrantzarako dituen lur egokiengatik. Gainera, oso gune aberatsa da tokiko salmonido endemikoetan eta amuarrainetan duen aberastasunarengatik. Txapelketa zazpi kilometroren barruan jokatu beharko dute. Ibaiaren batez besteko zabalera 20 metrokoa da, eta gutxi gorabehera 1,20 metroko sakonera du.