Baztartxora ere iritsi da Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 3a, 16:09

Larunbatean Baztartxon eskainitako kontzertuko irudia. (EIJO)

Larunbatean eskaini zuten emanaldia Baztartxon. Hasiera batean Balda plazan ziren zuzenekoa eskaintzekoak, baina eguraldi iragarpena tarteko, Baztartxon eskaini zuten kontzertua. Abaraxka aterpetxean prestatutako errepertorioa eskaini zuten ordubete inguru iraun zuen saioan.

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra Azkoitiko Baztartxo antzokira iritsi zen larunbatean. 2023rako prestatutako biraren barruan, kontzertua eskaini zuten zapatuan Baztartxon. Izatez, Balda plazan ziren emanaldia eskaintzekoak 20:00etan, baina aurrez iragarri zuten bezala, Baztartxora lekualdatu zuten, eta 19:00etan hasi zen kontzertua. Hainbat izan ziren aldaketaz ohartu ez ziren herritarrak. Dena den, jende ugari bertaratu zen Baztartxora emanaldiaz gozatzera. Ordubete inguruko emanaldia izan zen, eta bertan Abaraxkan egindako egonaldian prestatutako errepertorioa eskaini zuten. 

2014. urtean jarri zituen abian, jazz banda gazte baten hutsuneari erantzuteko. Gaur-gaurkoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ikasle aurreratuenek osatzen dute banda, eta besteak beste, saxofoi, piano, bateria, baxu, tronboi edota tronpeta ikasleek parte hartzen dute. Dena den, euskal musika tresnei ere lekua egin diete, eta txalaparta, trikitia, txistua eta alboka jotzen duten kideak ere badaude orkestran. Hain justu, Itxaso Alberdi azkoitiarra da EIJOko kideetako bat; hark pianoa jotzen du orkestran.

Larunbatean Baztartxon eskainitako kontzertuko irudia. (EIJO)