Hondarrezko eskulturak eginez gozatu dute haurrek

Andoni Elduaien 2023ko eka. 30a, 12:36

Hondarrarekin jolasean aritu dira goizean zehar dozenaka haur. Andoni Bastarrikaren eskutik askotariko eskulturak ondu dituzte umeen han. Arratsaldean, berriz, burbuila pilotekin jolasteko aukera izango da Elkargunean.

Hondartzarako eguraldirik ez dago gaur, baina bai hondarrarekin jolasteko. Hain justu, Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak antolatuta, hondarrezko eskulturak egiten nahiz hondarrarekin trebatzen aritu dira goizean zenbait haur, Elkargune alboko Aita Madinabeitia plazan. Hondarrezko eskulturak egiten ikasteko abagunea izan dute haurrek nahiz gaztetxoek plazan, Andoni Bastarrika artista azpeitiarraren eskutik. Talde txikietan banatuta, itxura eta forma guztietako irudiak osatu dituzte haurrek han.

Arratsaldean, berriz, burbuila piloten saioan parte hartzeko aukera izango da Elkargunean, 16:30etik 19:30era bitartean. Bertan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da gutxienez 1,40 metro neurtzea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide