51. Azkoitiko Txikito pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte larunbatean Gurean

Andoni Elduaien 2023ko eka. 29a, 09:00
Aurtengo txapelketako partida bateko irudia. (Andoni Elduaien)

Zapatuan, 10:00etan hasiko dira finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Guztira, lau final ikusteko aukera izango da han. Aurrebenjamin, benjamin, kimu eta haur mailako finalak jokatuko dituzte.

Etzi, larunbata, 51. Azkoitiko Txikito pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. 10:00etan hasita, aurrebenjaminen, benjamin, kimuen eta haurren mailako binakako lau final jokatuko dituzte han. Aurten, berrikuntza bezala, parte hartzaileek banaka eman dute txapelketarako izena, eta Oteiza elkartekoak beraiek arduratu dira bikoteak osatzeaz. Hain zuzen, Oteiza elkarteko 66 neska-mutilek eman dute izena, eta 33 bikote osatu dituzte.

Txapelketako zortzi bikote onenek lortu dute finalerako bidea egitea, eta zapatu goizean jokatuko dituzte lehiak. Aurrebenjaminen mailan –2015ean jaiotakoak–, Nahia Astigarragak eta Julen Oteizak osatuko dute finaleko bikote bat, eta Intza Orozkok eta Haize Aramendik bestea. Benjamin mailako finalean –2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak–, Ekain Aramendi eta Jon Azpiazu arituko dira alde batetik, eta Oihan Campos eta Eddy Romero bestetik.

Eguneko hirugarren finala, berriz, kimuen mailakoa izango da –2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak–. Zuhaitz Vela eta Ekain Juaristi nahiz Denis Santos eta Aratz Orozko izango dira finaleko bi bikoteak. Azken finala izango da haurren mailakoa. Alex Espadak eta Pello Alkortak, Unax Irulegiren eta Erik Ariztegiren aurka jokatuko dute.

Julen Etxaniz, Berrizen

Bestalde, Julen Etxanizek Berrizko (Bizkaia) lau eta erdiko pilota txapelketaren finala jokatuko du bihar, ostirala. 19:00etan hasita, haurren mailako finala jokatuko du Oteiza elkarteko azkoitiarrak. Lemoako Bediaga izango du hark aurkari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide