Hamasei taldek jokatuko dute asteburuan Azkoitiko Kriket Txapelketa

Andoni Elduaien 2023ko eka. 29a, 09:11
Bate jotzaile bat, Azkoitiko kriket txapelketa bateko artxiboko irudian.

Kriket txapelketa hamaikagarren aldiz jokatuko dute aurten. Ohi bezala, Oteiza pilotalekuetan jokatuko dituzte lehiak. Herri ezberdinetako hamasei taldek parte hartuko dute aurten. Lau multzotan banatuta arituko dira talde horiek guztiak.

Asteburuan, Azkoitiko XI. Kriket Txapelketa jokatuko dute Oteiza pilotalekuetako frontoi luzean. Larunbatean, arratsaldez jokatuko dituzte kriket partidak. Igandean, berriz, goizez nahiz arratsaldez jokatuko dituzte norgehiagokak. Pakistandarren komunitateko hamasei taldek parte hartuko dute txapelketan. Besteak beste, Azkoitiko, Azpeitiko, Zumarragako (Gipuzkoa), Eibarko (Gipuzkoa), Donostiako eta Gasteizko taldeak elkartuko dira frontoi horren bueltan.

Talde horiek guztiak lau multzotan banatuta arituko dira. A multzoan arituko dira Gujjar CC Azpeitia, Shaheen CC Azpeitia, Urdiza CC eta Rioja Warriors; B multzoa osatuko dute Salvatierra Tigersek, Chandala CC Azkoitiak, Rioja CC Waqasek eta Pak Vitoriak. C multzoan jokatuko dute, bestalde, Azpeitia CC Khalfanek, Zumarraga CCk, Alava CC Vitoriak eta Gujar CC Logroñok. D multzoan, azkenik, Azpeitia CT Euskadi, Kings 11, San Sebastian CC eta Eibar CC arituko dira.

Hainbat sari banatzeko

Multzo bakoitzetik talde onenek egingo dute aurrera, eta horien artean banatuko dituzte txapelketako sariak; izan ere, parte hartzaileen artean garaikur ugari banatuko dituzte. Lehen, bigarren zein hirugarren talde onenak sarituko dituzte garaikurrarekin. Era berean, jaurtitzaile, bate jotzaile eta jokalari onenak ere sarituko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide