Ekintzaile izan nahi dutenentzat formazio saioak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek

Ane Olaizola 2023ko eka. 26a, 09:00
Intsausti jauregia.

Uztailean izango dira saioak, eta guztira, hiru zati izango ditu formazioak. Ekintzaile izateko eman beharreko pauso guztiak landuko dituzte, eta izena ematen dutenek aukera izango dute saio guztietan edo interesatzen zaion zatian parte hartzeko.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak formakuntza saioak antolatu ditu uztailerako, ekintzaile izan nahi dutenei zuzenduta. Guztira, hiru zati izango ditu formakuntzak, eta ekintzaile izateko eman beharreko pausuak eta urrats bakoitzean egin beharreko lanketak azalduko dituzte.

Aurreneko zatiak bi saio izango ditu, eta buruan negoziorako ideia bat izan eta hura gehiago garatu nahi dutenei zuzendutakoa izango da. Formakuntzaren bigarren zatia, berriz, hiru saioz osatuta izango da, eta ideia egikaritzeko pausoak eman nahi dituztenek parte hartu ahal izango dute. Bertan, bezeroengana iristeko kanalak zein estrategiak landuko dituzte, baita azterketa ekonomikoa egiteko kontzeptuak zein tresnak ere. Egitasmoaren hirugarren zatian, bestalde, enpresa eratzeko urratsak zeintzuk diren jakinaraziko dute, eta bertan jorratuko dituzte forma juridikoak, enpresak sortzeko egin beharreko tramiteak, Ogasunarekiko betebeharrak zein langile autonomoen eskubideak.

Antolatzaileen arabera, ekintzaileak aukera izango du formakuntzaren zati guztietan edo bere interesekoa den zatian parte hartzeko, hura aurkitzen den "fasearen arabera".

Uztailak 4 eta 7an izango dira aurreneko saioak, eta uztailak 11, 13 eta 18an, berriz, formakuntzaren bigarrengo zatia egingo dute; hirugarren eta azken zatia, berriz, uztailak 20 eta 27an izango da. Azkoitiko Intsausti jauregian eskainiko dituzte saioak, 09:30etik 11:30era artean.

Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, 688 60 12 99 telefono zenbakira deituta edo ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Bi modu horietara ere lor daiteke informazio gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide