Giro ederrean joan da I. Gazte Eguna

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 25a, 15:43

Hamaiketakoa eta bazkaria egiteaz gain, oinarrizko eskubideez eta askatasun politikoez hausnartzeko tartea ere hartu zuten gazteek. Arratsalde partean, bingo musikatuan ibili ziren eta mojito txapelketa egin zuten, eta eguna Ol_ber DJaren  eta Aibofobiaren doinuek borobildu zuten.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta, aurreneko Gazte Eguna ospatu zuten atzo Azkoitian. Egun guztirako egitarau zuten prestatuta, eta pentsatuta bezala gauzatu zituzten jarduera guztiak, giro ederrean, gainera.

Hamaiketakoarekin eman zioten hasiera egitarauari, San Martingo Ardatz elkartean. Handik kalera jaitsi ziren, Kultur Etxera hain zuzen, oinarrizko eskubideen eta askatasun politikoen inguruko solasaldia baitzuten. Azken urteetako eta gaur egungo testuinguru politikoa, maiatzaren 28 hauteskundeek herrian utzi duten panorama, jardun politikoa gauzatzeko herrian dituzten zailtasun eta oztopoak eta beste hainbat kontu izan zituzten hizpide.

Handik aurrerakoak Goiko Losan egin zituzten. Aurrena, bazkaldu egin zuten; ondoren, bingo musikatuan ibili ziren; eta gero, mojito txapeljeta egin zuten. Eguna borobiltzearen ardura Ol_ber DJak eta Aibofobiak izan zuten, eta dozenaka lagun jarri zituzten dantzan.

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Azkoitiko Gazte Asanblada)

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide