Xakeak hartu du Kontzejupea

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 25a, 13:02

Hogei talde ari dira parte hartzen suitzar erako txapelketan; tartean, Azkoitiko Anaitasuna-Kakuteko sei talde ere bai, horietako bi emakumeek osatutakoak. Eguerdirako erabakiko da irabazlea, eta urtero bezala, Joxe Azkue taldekide zenari omenaldi txiki bat egiteko tartea ere hartuko dute.

Xakea izan da gaur goizeko protagonista Kontzejupean. Izan ere, 10:00etan hasita, Anaitasuna Kakute taldeak antolatutako 41. Azkoitia Hiria txapelketa jokatzen ari dira, Joxe Azkueren omenezko hamabigarrena. Suitzar erako txapelketa jokatu dute beste behin: bost minutuko 11 txanda jokatu behar izan dituzte parte hartzaileek, eta talde guztietan onena Santurtzi izan da, Anaitasuna Kakuteren eta Grosen aurretik.

Anaitasuna-Kakuteko sei taldek parte hartu dute lehian; horietako bi emakumeek osatutakoak. Guztira, berriz, hemeretzi taldek parte hartu dute txapelketan: Azkoitiko Anaitasuna Kakute, Hondarribiko (Gipuzkoa) Marlaxka, Donostiako Gros xake taldea, Beasaingo (Gipuzkoa) Alfil, Billabona, Eibar, Elorrioko (Bizkaia) Zaldi Baltza, Lekeitioko (Bizkaia) Jokin Erdotzia, Barakaldo (Bizkaia), Zornotza (Bizkaia), Santurtzi (Bizkaia), Berako (Nafarroa) Beraun, Gasteizko Martintxo eta Kantabriako (Espainia) Liendo taldea.

Gaurko txapelketa zuzentzen Mikel Almansa nazioarteko epailea aritu da, eta sari banaketa ekitaldian parte hartu du Cesar Montolio Gipuzkoako Xake Federazioaren presidenteak. Urtero bezala, halaber, Joxe Azkue taldekide zenari omenaldi txiki bat egin diote.

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Anaitasuna Kakute)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide