Suaren bueltan, musikaz eta dantzaz lagunduta eman diote azkoitiarrek ongietorria udari

Julene Frantzesena 2023ko eka. 23a, 23:10

Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek piztu dute Balda plazako sua, udal ordezkariekin batera. Ekitaldian parte hartu dute Azkoitiko Musika Bandak, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak, Parrokiako Abesbatzak eta Bizkargi eskolako abesbatzak, dantzariek eta musika banda gazteak. Jendetza elkartu da suaren bueltan.

Sua izan da gaur iluntzeko protagonista Azkoitian. Izan ere, San Juan bezpera izanik, suaren bueltako ekitaldia egin dute hainbat lagunek Balda plazan. Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek piztu dute plazaren erdian sua pizteko ardura, 40. urtemuga ari baita ospatzen. Gainera, musika eskolako kideekin batera piztu dute sua Udal Gobernuko kideek ere, tartean Ana Azkoitia alkateak.

Ez da izan, baina, sua udari ongietorria emateko jaiko protagonista bakarra. Hain zuzen ere, musikak eta dantzak ere izan dute tokia jendez leporaino bete den plazan. Zehazki, Azkoitiko Musika Bandak, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak, Parrokiako Abesbatzak eta Bizkargi eskolako abesbatzak, dantzariek eta musika banda gazteak parte hartu dute ekitaldian.

Iluntzean izan da ekitaldi nagusia, baina arratsaldean ere dantzak eta musikak izan dute lekua Azkoitiko kaleetan. 19:30ean haista, Bizkargi eskolako dantzariek nahiz musikariek eta Txalkor txistulari taldeko kideek kalejira egin dute, eta Balda plazara iritsita, hainbat dantza egin dituzte ikasle gaztetxoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide