Artelaneko ikasleek egindako lanen erakusketa zabalduko dute bihar Portaleburun

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 23a, 12:49
Erakusketa. (Artelan)

Asteburu honetan eta hurrengoan zabalduko dituzte erakustokiaren ateak. Txelo Arango irakasleak azken ikasturtea izan du aurtengoa, eta herritarrekin "eskertua" sentitu dela adierazi du.

Artelan zentroko ikasleek ikasturte honetan zehar egindako lanak ikusgai izango dira bihartik aurrera Portaleburun. Bi asteburutan egongo da erakusketa, hain zuzen, ekainaren 24an eta 25ean eta uztailaren 1ean eta 2an. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era zabalduko dute Portaleburu, eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.

Txelo Arango Artelaneko irakasleak azken ikasturtea izan du aurtengoa, 38 urtez zentroan lanean jardun ondoren. Azkoitia eta inguruko herrietako guraso zein herritarrekin "eskertua" sentitu da Arango, eta "beraien konpromisoari esker urtetik urtera aurrera egiteko gai" izan da: "Harro sentitzen naiz nire zentrotik igaro diren ikasleen hazkuntza eta garapen artistikoa gertutik ikusteko aukera izan dudalako, erronka batzuk pasatu izan ditugu, baina baita garaipen handi eta aberasgarriak ere. Eskertuta sentitzen naiz nigan erakutsitako konfiantzagatik eta beraien hezkuntza bidean parte izateagatik. Espero dut artearen mundua esploratzen eta ikasten jarraituko dutela, beraien grinak eta desioak segituz, orain arte egin duten bezala". Arangok adierazi du norbanakoen arrakasta ez dela "titulu akademikoetan neurtzen", norberak egindako lanean bizitako "asetasunean eta zorionean" baizik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide