Bertsotan ere, 'hike'

Aitziber Arzallus - Urtzi Oteiza 2023ko eka. 23a, 09:00

Hika eta bereziki noka sustatzea helburu duen II. Hike Eizan! bertso paper lehiaketaren sariak banatu dituzte Elkargunean. Aurretik, III. Hike Eizan! bertso saioaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren dozenaka herritarrek. Andoni Egaña, Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo jardun dira bertsotan, hika, Imanol Artola gai jartzailearen aginduetara.

Bigarren Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren sariak banatu zituzten atzo arratsaldean Azkoitiko Elkargunean. 18 urtetik gorakoetan, Izaro Zinkunegi errezildarrak irabazi zuen lehen saria Hire larreei, gure zaharrei bertso sortarekin; eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrarentzat izan zen bigarrena, Gure bizitza hunan sorta idatzita. Helduen kategoriako Azkoitia Saria, berriz, Naia Arrizabalaga azkoitiarrak jaso zuen, Lurraren estalkiak izenburupean egindako bertsoengatik. Arrizabalagak eta Gurrutxagak han bildutakoen aurrean abestu zituzten saritutako bertsoak; Zinkunegik, ordea, ez zuen Elkargunera bertaratzerik izan, eta bideoz abestu zituen bereak.

18 urtez azpikoetan, lehen saria hutsik gelditu zen, eta bigarrena Aratz Iturbe 11 urteko azkoitiarrari eman zioten, Nire Arrebari bertso sortagatik. Gazteen mailako Azkoitia Saria, berriz, Garazi Larrañagak eta Laia Sudupek jaso zuten elkarrekin idatzitako Gaur goizean jaiki naun bertsoei esker.

Aurten, denera, 26 lan aurkeztu dituzte lehiaketara; 11 helduen kategorian, eta hamabost gazteenean. Bertsoen kalitateaz gain, hitanoaren erabilera zuzena egin duten ala ez balioetsi du Hike Eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatutako epaimahaiak; hain zuzen ere, hika eta bereziki noka sustatzea delako lehiaketaren helburu nagusia.

Sari banaketaren aurretik, III. Hike Eizan! bertso saioaz gozatzeko aukera izan zuten dozenaka herritarrek. Andoni Egaña, Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo jardun ziren bertsotan, Imanol Artola gai jartzailearen aginduetara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide