'D Belaunaldia' izeneko kanpaina ibiltariak Azkoitian egingo du geldialdia

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 5a, 09:03

'D Belaunaldia' izeneko kanpaina gauzatuko dute autobus barruan. (RTVE)

Herritarrei trebetasun digitalak hobetzen laguntzea da kanpaina horren helburua, eta horretan lagunduko duen autobusa Azkoitian izango da datozen egunetan. Doako jolas eta jarduera didaktikoak eskainiko dituzte han, herritarrei digitalizazioa bultzatzen eta eten digitala geldiarazten laguntzeko asmoz.

D Belaunaldia izeneko autobusak Azkoitian egingo du geldialdia bihar, ostegunetik, larunbatera arte. Herritarren gaitasun digitalak garatzen nahiz hobetzen laguntzeko, digitalizazioaren aukerei etekina ateratzen ikasteko eta tresna berriak ezagutzeko kanpaina da D Belaunaldia. Xabier Munibe kaleko 5. zenbakian egongo da autobusa hiru egunetan.

Interneteko bilatzaileak, sare sozialak, zibersegurtasuna, online kudeaketak... Digitalizazioa egunerokotasunaren parte bihurtu da, eta horregatik, autobusak baliabide eta orientazio ugari eskainiko dizkie adin guztietako erabiltzaileei beraien gaitasun digitalak erraz garatzeko. Doako jolasak eta jarduerak eskainiko dituzte autobus barruan, 30-40 minutu ingurukoak.

Europako Next Generation funtsek finantzatu dute kanpaina, Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren bidez (SEDIA); hain justu, Ekonomia Gaietarako eta Trantsizio Digitalerako Ministerioaren menpeko idazkaritza da hori. Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatu dute ekimena, eta asmoa da langile eta herritar guztien gaitasun digitalak indartzea, D Belaunaldiaren aldeko ituna sortuz.

Herritarra gaitasun digitalak garatzeko eta sustatzeko jardueretan parte hartzera gonbidatzen duten teknologiaz dago hornituta autobusa. "Esperientzia erabat pertsonalizatua da eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzen da. Hori dela eta, bisitariak aurrena test auto-diagnostiko bat egin beharko du. Test horri esker, bakoitzak bere ezagutza digitalaren maila ezagutu ahal izango du, eta ondoren, era eta maila askotako jokoak nahiz jarduerak gainditu ahal izango ditu", azaldu dute kanpainaren sustatzaileek. 

Interneten bilaketa ona gauzatzen, fake news albisteetatik ihes egiten, sare sozialen erabilera optimizatzen edota identitate digitala kudeatzen ikasi ahal izango da autobus barruan. Gainera, autobusetik irten ahal izateko ariketa praktikoak ere egin ahal izango dira; hau da, erabiltzaileek ikasitakoa praktikan jarri beharko dute jokoa konpontzeko eta aretotik irteteko. Era berean, gaurkotasun digitalen inguruko tailerrak eta azalpenak emango dituzte profesionalek. Autobuseko erabiltzaile kopuruaren arabera, herrien arteko ranking bat ere osatuko dute, eta puntu gehien lortzen duen udalerriak saria jasoko du.

Goizez eta arratsaldez, zabalik

Bihar, osteguna, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik autobusa. Aldiz, etzi, ostirala, 10:00etatik 13:00etara nahiz 17:00etatik 21:00etara izango dute herritarrek autobusean sartzeko eta jardueretan parte hartzeko aukera. Larunbatean, berriz, 10:00etatik 13:00etara arte zabalduko dute gunea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide