Luis frutategian egokitu da Azkoitiko urrezko gozokia

Andoni Elduaien 2023ko eka. 22a, 13:09

Luis frutategiko arduraduna eta Mentxu irabazlea. (Herrixen)

Guztira, 20.000 piruleta kaleratu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko saltoki txikietan erosketak egin dituzten herritarren artean banatzeko. 500 euroko erosketa bonuaren balioa zuen urrezko piruleta bana ezkutatu dute herri bakoitzean, eta Luis frutategiko Mentxu bezeroak irabazi du Azkoitiko saria.

Azkoitiko eta Azpeitiko merkatariak Saltoki txikietan erosteak urrezko egiten zaitu sentsibilizazio kanpaina ari dira egiten, eta gaur banatu dute saria. Luis frutategian egokitu da Azkoitiko urrezko gozokia, eta hango Mentxu bezeroa izan da irabazlea. Hark frutategiko arduradunen eskutik jaso du herriko saltoki txikietan kontsumitzeko 500 euroko erosketa bonua. 

Bi herri horietako saltokietan erosketak egiten dituzten herritarren artean piruletak banatu dituzte. Orotara, 20.000 piruleta kaleratu dituzte, eta horietako bi izan dira urre kolorekoak, bat Azkoitian banatzeko, eta bestea, Azpeitian. Sentsibilizazioan eragitea izan da kanpainaren helburua, hau da, herritarrak bertan kontsumitzeak duen garrantziaz ohartaraztea. Hala azaldu dute egitasmoaren sustatzaile diren Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatari elkarteak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak: "Saltokiak irekita egoteak argia, bizia eta indarra ematen diote herriei, urreak bezala".

Haien esanetan, halako kanpainak "ezinbestekoak" dira, gainera. "Etengabe egin behar da saiakera, informazioak xurgatzen gaituen garai hauetan kalean ibiltzeak, erakusleihoak ikusteak eta bertan erosteak dituen onurak erakutsiz". Halaber, halako egitasmoak sustatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, sektorearen profesionalizazioan eragiteko, egungo eta etorkizuneko kontsumitzaileek herriguneetan kontsumitzen jarrai dezaten. Gainera, datorren astean sei egunez martxan izango den kanpainak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa duela azaldu dute. Kanpaina etzi, zapatua, amaituko dute.