Mintegiak eginda, "bide berri asko" zabaldu zaizkio Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari

Ane Olaizola 2023ko eka. 21a, 10:41

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen mintegia, atzo, Elkargunean. (Ane Olaizola)

Etorkizuna zehazteko azken mintegia egin zuen atzo arratsaldean Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, eta "espero baino herritar gehiagok" erantzun zioten deialdiari; ia 50 lagunek, hain zuzen ere. "Oso positiboa" izan zen saioa, eta trantsiziorako bidea hasiko du orain elkarteak, jasotako ekarpenak zehazteko.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak bere etorkizuna zehazteko bigarren eta azken mintegia egin zuen atzo, asteartez, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta ia 50 lagunek egin zuten bat elkarteak egindako deialdiarekin. Aurreneko saioan ez bezala, aurrera begira jarri ziren elkarteko kideak zein herritarrak atzo, eta etorkizunean elkartea nola irudikatzen duten hausnartzeko tartea hartu zuten horiek. Julen Garate elkarteko kidearen arabera, askotariko ekarpenak eta ideiak atera ziren mintegian, eta "oso positiboa" izan zen saioa. Atzokoaren ondotik, argi izpi bat zabaldu zaio elkarteari, eta orain, trantsiziorako bidea hasiko du, jasotako ekarpenekin lan dinamika berriak zehazteko.

Emun taldeak dinamizatu zuen saioa, eta hark elkartearen talde eragileari aurrez luzatutako galderetatik ondorioztatu zuen euskara elkarteko kideak "nekatuta" daudela; hau da, "lekuko aldaketa edota laguntza" behar dutela. Beste hainbat elkarteren ereduak izan zituzten hizpide, baita taldeen funtzionamendu desberdinak ere: "Hiru aukera izan genituen mahai gainean: talde eragileak aurrera eramaten duena, lantaldeena edo komunitatearena".

Hortik abiatuta, Garatek jakinarazi du askotariko ekarpenak egin zituztela herritarrek. "Ekintza zehatzak antolatzeko garaian, laguntza eska daitekeela aipatzen zuten batzuek; beste batzuek, berriz, eragileekin elkarlanean sormena landu behar dela esan zuten. Zentzu horretan, elkarteak euskaratik kultur esparrura jauzi egin dezakeela aitatu zuten zenbaitek".

Antolatzaileek espero zutena baino "herritar gehiago" bertaratu ziren saiora, eta "zorionez", gazte asko animatu ziren hara; "20 bat lagunek 35 urte baino gutxiago zuten", gaineratu du elkarteko kideak. Hain zuzen, gazteek hainbat ekarpen egin zuten parte hartzeari dagokionez, eta esaterako, Whatsapp taldea sortzea proposatu zuten, herritarrek bertan ekarpenak jaso eta eman ditzaten. "Ekintza parte hartzaileak egitea ere proposatu zuten, eta bide horretan, Orbel Jokoak antolatzea begi onez jo zuten".

Jendea, "laguntzeko prest"

"Bide berri asko" zabaldu ziren atzoko saioan, eta orain, horiek zehaztea dagokio taldeari. Dena den, atzoko ekarpenak jasota eta mintegian izandako "giroa" ikusita, talde eragileak sentipen "oso positiboarekin" amaitu ditu horiek. "Jendea ekintza puntualetan laguntzeko prest egongo litzatekeela ikusi dugu, eta oso dinamika interesgarria jaso genuen atzo". Emunek saioaren laburpena egingo du datozen egunetan, baina taldea "prest" da trantsizio bidea zabaltzeko, talde eragileak zer formatutan jarraituko duen oraindik ikusteko badago ere. "Elkarteak egokitu egin beharko du bide berrira, baina ikusiko dugu talde eragileak zer bide hartuko duen".

Bestalde, bi mintegiek herritarrekin lotura sendotzeko balio izan diela ondorioztatu du elkarteak, eta horri eutsi nahi diote: "Euskalgintzan dabiltzan norbanakoekin eta bazkideekin egoteko aukera izan dugu saioekin, eta harreman horri jarraikortasuna eman nahi diogu, sarea zabaltzeko eta komunitatea sortzeko".